Iratxe Ruiz, Jon Bilbao eta Iñaki Espiga
Radio Euskadiko langileak

Poziktibity: Radio Euskadiko langileon euskalduntasunaz

Ez gara euskaldunak, diote, denbora eman izan zaigun arren geure burua euskalduntzeko. Ez da egia. Sendagileak bagina, gutariko gehienok –duela urtebete abian jarritako OPE gehi ERE prozesuaren erruz kalera joango garen Radio Euskadiko dozenaka langileok– mediku euskaldunak garela lasai asko aitortuko zenukete, zenigukete.

Baina gu kazetaritzan gabiltza, irratian berbetan, eta egia da, bai, aitor dezagun, gutariko gehienok, salbuespenak salbu, ez garela bilakatu, gure euskalduntze urte mordoaren ostean, irratian euskaraz modu profesionalean aritzeko gauza. Zertarako uka, edo mozorrotu: ez dugu mailarik irratian, edo telebistan, euskaraz segurtasun profesionalez aritzeko, eta seguruenik sekula ez dugu, ez genuke, halakorik erdietsiko, gutariko gehien-gehienok ez baikatoz euskaratik, eta gaztelaniaz garatu izan dugu gure ibilbide profesional osoa; bekadun izatetik, adibidez, prime timeko magazin bateko gidari izatera eramaten ahal zaituena, zinez garapen konplexua eta urte asko eskatzen dituena. Horretan ari ginen Radio Euskadin, erdaraz lanean, nahiz eta euskaraz gero eta gauzago, jabetuago, eta betidanik –erraz froga genezake– euskaraz gertatzen ari denari arreta jarrita eta kobertura emanda… Baina bat-batean, gauetik goizera, zera agindu izan zaigu: ez bazara gauza, orain arte gaztelaniaz egin duzun hori euskaraz egiteko… kale gorrira zoaz.
 
Ba ez, ez gara gauza eta, seguruenik, ez gara sekula izango Maite Artolak edo Manu Etxezortuk bezala hitz egiteko, aurkezteko… baina euskaldunak gara –euskaradunak gara!– eta milaka ordu eman dizkiogu euskarari, sinets iezaguzue. Gehienok euskaldundu egin gara, eta euskaraz gertatzen dena, profesionalki ez ezik pertsonalki ere, ez zaigu –erraz froga zenezakete– arrotz, ez literaturan, ez musikan, ez beste inon ere.

Orduan, nola sentitu ginen duela urtebete, gauetik goizera «denok kalera zoazte» adierazi zigutenean?

Ba, oso gaizki. Hasieran dezepzionaturik, ezin sinetsita. Gero amorruak etorri ziren. Askok gure bizitza eman dugulako Radio Euskadin, behetik hasita, bekadun, eta gero gaueko txandak etorri ziren, edo asteburuak, edo Gabonak, noiznahi, beti lanean, desordu eta desegunetan, eta lanetik irten, adibidez gau osoko txanda baten ostean, eta euskaltegira, ehunka aldiz, gau osoan lanean aritu ostean, goizeko zazpietan euskara ikastera, bagenekielako gure kazetari formazioaren parte ezinbestekoa zela… Baina duela urtebete, bat-batean, batere abisatu gabe, euskararen goieneko maila profesionala eskatu zitzaigun, oposizioan, hasteko, aukera ñimiño bat izateko, eta gutariko gehienok, euskaldunak bagaren arren, ez daukagunez gaitasun profesional hori –zenbatek dauka EITBko zuzendaritzan?–, ba denak kalera.

Ondorioz, «anikilaturik» sentitzen gara. Segada bat egiten ari direla gurekin. Horrenbeste konta genezake Radio Euskadiren historian izaniko desmasia eta jukutriei buruz, sufritu behar izan ditugun kontratu irregular, «jefe» eta arduradun toxikoei buruz, gure lan kondizioak horrenbeste zaildu zituztenak… Baina langile gehienok, halere, beti modu eredugarrian erantzun diogu lanari, ardurari. Orain bezala, irribarre batekin, burua pertsonalki zein kolektiboki moztu diguten arren.

Ondorioz, anikilaturik eta segada baten biktima sentitzen gara. Zuzendaritzak dio ez dagoela dirurik orain arteko plantillari eusteko, eta proposatu zuen plantillaren murrizte zein ordezkapen masibo bat, baina halakorik aurrera eramateko laguntza behar zuen, eta administrazio kontseiluan Bilduk eman zion laguntza hori, oposizioan erakutsi beharreko euskara maila goieneko gradukoa izatearen truke, pentsatzen dugu.

Nork esango luke, ezetz? Ez al da logikoa, EITBn, lanpostu finko batez jabetuko dena gauza izatea euskaraz mailarik altuenean aritzeko? Bai noski. Baina geuk ere bagenuen eskubidea gure lanari eusteko… eta ez genuen merezi gauetik goizera ezabatuak izatea, euskararen goieneko graduko eskakizun baten bitartez. Gainera, guretzat oso zaila da honetaz hitz egitea. Konplexuak bizi gaituelako, badakigulako euskararen kontua «kontrakotasunez» adierazteak oso irudi txarra ematen duela gutaz, euskararen kontra bageunde bezala. Baina jarraitzen dugu pentsatzen injustizia handi bat gertatzen ari dela gurekin, eta gu errudun ez garen garai bateko kontratazio irregular bategatik zuzendaritzak ordainarazi egin nahi digula orain. Mendeku gisa? Horren aurrean, ez zuzendaritzak, ez eta zuzendaritzari lagundu dioten alderdiek eta LAB sindikatuak ere, ez digute, ez langile, ez eta lankide modura ere, batere estimurik agertu, kontrakoa baizik. Gizalegean herren, oso herren ibili dira, gure ustez. Gauzak bestelako gizalegez egin zitezkeelako.

Kalera joango gara, botako gaituzte, agur gure bizitza laboralari eta gure urteotako, hamarkadetako esperientziari, eta datozela berriak, ados, baina ulertuko duzue «tematzen» baldin bagara, azken momentura arte, geure burua defendatzen, batez ere «ez euskaldun» garela bezalako gezurren aurrean.

* Bego Yebra, Loreto Larunbe, Iratxe Martinez, Olga Barrio, Maria Cereceda, Emma Perez, Idoia Lazaro, Cristina Vaquez, Jagoba Arostegi, Maria Suarez, Mikel Ibañez, Edurne Mendia, Natalia Martin, Enrique Rodal, Goizalde Landabaso, Angel Plaza, Javier Dominguez eta Lourdes Rialek ere sinatzen dute idatzi hau.

Buscar