NAIZ.INFO
DONOSTIA

‘Barrura begiratzeko leihoak’ filmak jaso du behar zuen dirua

Ohar bidez jakinarazi du Zinez ekoiztetxeak herritarren eskutik jaso dituela hasieran instituzioei eskatu zizkien 40.000 euroak. Eskerrak eman dizkie proiektua ekonomikoki lagundu duten herritar denei.

‘Barrura begiratzeko leihoak’ filma finantzatzeko Zinez ekoiztetxeak hasieran instituzioei eskatu zizkien 40.000 euroak jaso ditu herritarren eskutik. Donostiako Udalak preso politikoen auziaz mintzo den filma hau diruz laguntzea onartu ostean sortu zen ika-mika politikoak eraginda uko egin zion Zinezek diru laguntzari eta herritarrei eskatu zien babesa, eta baita lortu ere.

Zinezek ohar bidez eskerrak eman nahi izan dizkie lagundu duten guztiei, «4 euro edo 500 euro eman dituztenei, denak dira proiektuaren parte» ekoiztetxearen hitzetan. Kanpaina amaitu badute ere, oraindik diruz lagundu ahal da proiektua Zinez.net helbidean.

Donostiako zinemaldia

Filmarekin lanean jarraitzen dutela ere iragarri dute, Donostiako zinemaldiko hautatze komiteari aurkeztu diote filma. Filmaren inguruan izan den eztabaidak eragiterik ez dutela nahi esan dute, «ez dugu ‘sorgin ehizarik’ nahi, ez eta faboritismorik ere».