Naiz.info
Bilbo

Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala INFO 7 irratian eta ETB-1en

Onintza Enbeita, Iratxe Ibarra, Miren Amuriza, Jone Uria, Fredi Paia, Etxahun Lekue, Arkaitz Estiballes eta Igor Elortzak osatzen dute finalean kantatuko duen zortzikotea.

Finalean abestuko duten zortzi bertsolariak Miribillan. (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)
Finalean abestuko duten zortzi bertsolariak Miribillan. (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)

Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren azken saioa 17.30ean hasiko da, eta txarteldegiak ordu eta erdi lehenago zabalduko dira. Bilboko Miribillako kiroldegiak hartuko du Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala, «berezia» eta «historikoa» izango dena, parte hartuko duten bertsolarien erdiak emakumeak direlako.

Onintza Enbeita, Iratxe Ibarra, Miren Amuriza, Jone Uria, Fredi Paia, Etxahun Lekue, Arkaitz Estiballes eta Igor Elortzak osatzen dute finalean kantatuko duen zortzikotea. Jon Lopategi izango da irabazleari txapela janzteko arduraduna.

Finala INFO 7 irratian jarraitu ahal izango da zuzenean. 16.30ean hasiko da saio berezia, Agin Rezolak gidatuta eta Juan Respaldizaren konpainiarekin. Oholtza gainean arituko diren bertsolarien eskarmentuaren errepasoa, sailkapen-saioetako balantzea, adierazpenak... eta 17:30etik aurrera, txapelketaren jarraipena egingo dute Rezolak eta Respaldizak.

ETBk ere saio berezia eskainiko dio saioari. Izan ere, 15.30etik aurrera eitb.com webgunearen bidez arituko dira Interneteko erabiltzaileei zuzeneko informazioa eskaintzen. 19.00etatik aurrera ETB-1ek hartuko du lekukoa.