NAIZ.INFO
DONOSTIA

Europako Irrati Komunitarioen II. Foroa antolatu du Antxeta Irratiak

Antxeta Irratiak Europako Irrati Komunitarioen II. Foroa antolatu du Donostian gaurtik eta ostiralera bitarte. 2011. urtean egin zen aurreneko edizioaren ondotik, bigarren aldiz antolatu dituzte jardunaldiok. Bertan parte hartuko dute Austria, Txile, Irlanda eta Estatu espainol eta frantseseko irratiek.

Europako Irrati Komunitarioen II. Foroaren aurkezpena, atzo, Donostian. (NAIZ.INFO)
Europako Irrati Komunitarioen II. Foroaren aurkezpena, atzo, Donostian. (NAIZ.INFO)

Orotara 46 pertsona heldu dira atzerritik Euskal Herrira Antxeta Irratiak antolatutako Europako Irrati Komunitarioen bigarren Foroan parte hartzeko, Kazeta.info webguneak berri eman duenez.

2001.urtean sortu zen Antxeta Irratia Euskal Irratien sarean gazteena da. Euskal Herriko irrati libreak biltzen dituen Arrosa sarean da eta nazioarteari dagokionez mundu mailako irrati libreen elkartea den AMARCen (Irrati Komunitarioen Nazioarteko Elkartea) lan egiten du.

Txiletik heldu den ordezkaria Maria Pia Matta, AMARC elkarteko lehendakaria da. Irrati komunitarieon alorrean aditua da nazioarte mailan. Bi mintzaldi antolatu dira foroaren inguruan, gaur izanen da lehena, Irlandako hizkuntza politikaren inguruan.

Bigarreana «Herri Maputxeak eta adierazpen askatasuna» izanen da. Biak Kutxa Andia ekitaldi aretoan izanen dira arratseko 19.00etan.

Antxeta Irratia Hendaian kokaturik dago eta Behe Bidasoa eskualde osorako hedatzen du: Irun, Hondarribia, Hendaia, Pausu (Urruña) eta Biriatu.

Eremu horretan ari bada ere Europako Irrati Komunitarioen II. Foroa Donostian egitea deliberatu dute aurreko jardunaldiak Irunen antolatu ondoren oraingoan oihartzun gehiago izateko. Hala azaldu du Aitziber Zapianek, Antxetako koordinatzaileak: «Publikoaren oihartzuna handitzeko justuki antolatu ditugun bi hitzaldi horiekin interes bat badago gure eskualdetik haratago».



Mintzaldiak


«Irlandako hizkuntza politika» mintzaldiko hizlariak Ciaran Murray (Near FM) eta Fergus O'Hir (Failte FM) izanen dira, moderatzailea Aitziber Zapirain bera izanen da.



Hurrengo mintzaldia ostiralean izanen da «Herri Maputxeak eta adierazpen askatasuna» gaiaren inguruan mintzatuko dira Maria Pia Matta (AMARCeko presidentea), Elisa Mingo (antropologoa) eta Gabriela Ines Llanguiano gazte maputxea. Moderatzailea Antxeta Irratiko kazetaria den Aitor Errazkin izanen da.