NAIZ
BERMEO

Bermeo Izaroraino iristen dela irudikatu dute teila uretara jaurtiz

Madalen eguneko tradizioa bete du Idurre Bideguren alkateak eta teila uretara jaurti du, Bermeo Izaro irlaraino iristen dela irudikatzeko. Festa giro ederrean murgildu dira Bermeo, Mundaka eta Elantxoben.

Aurten altzairuzko teila jaurti du Idurre Bideguren Bermeoko alkateak uretara. (ARGAZKI PRESS)
Aurten altzairuzko teila jaurti du Idurre Bideguren Bermeoko alkateak uretara. (ARGAZKI PRESS)

Madalena eguna berezia da Bermeo eta Elantxobe herrientzat. Izan ere, urtero bezala, Bermeoko alkateak –Idurre Bideguren– Izaro uhartea bere herriarena dela berretsiko du irrintzi eta bozina artean, teila bat itsasora jaurtikiz eta esaldi sinbolikoa errepikatuz: «Honaino zabaltzen dira Bermeoko itoginak». Aurten altzairuzko teila erabili du, Txuspo Poyo artistak egina.

Aspaldiko tradizioa da teila jaurtitzearena. Mundakarrek eta bermeotarrek auzi txiki bat zuten, batzuek zein besteek Izaro irla eurena zela ziotelako eta estropada bidez konpontzea erabaki zuten. Proba uztailaren 22an egin zen, Elantxobeko herria epaile zela. Bermeoko trainerua izan zen garaile eta geroztik urtero Madalena egunean erritual hori errepikatzen dute eta jai handia izan ohi dute Bermeo, Elantxobe eta Mundakan.

Eguraldi bikaina izan dute gaur eta ehunka lagun hurbildu dira jaiaz gozatzera.