Donostiako Zigor Auzitegiko Carmen Zubimendi epaileak ‘Egunkaria’ren auzi ekonomikoa artxibatzea erabaki zuen pasa den ekainaren 4an, zortzi auzipetuei leporatzen zitzaizkien ustezko delituak preskribatuta zeudelakoan.
Fiskalak, ordea, helegitea aurkeztu zuen erabaki horren aurka.
Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko 3. Sekzioari dagokio helegitea aztertzea eta irailaren 19an bilduko da horretarako, ‘Berria’ egunkariak zabaldu duenez. Erabakia ez du derrigor egun horretan bertan hartu beharko. Saioa itxia izango da.
Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu, Begoña Zubeltzu, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Txema Auzmendi —azkeneko hirurak auzi nagusian epaituak eta absolbituak— dira auzi ekonomikoan auzipetuta daudenak.
Espetxe zigorra eta isun ekonomikoa eskatzen zituen fiskalak zortzientzat, auzi nagusian baino handiagoak: denera, 128 urteko espetxealdia eta 221 milioi euro. Akusazioa: ‘Egunkaria’ren 1998, 1999, 2000 eta 2001eko diru kontuak faltsutzea eta diru laguntzak eskuratzeko iruzurra egitea.