NAIZ
BILBO

Oposizioari hausnarketa egiteko eta Rajoy eta ETAri «gizarteari entzuteko» eskatu die Ortuzarrek

EAJko presidente Andoni Ortuzarrek Mariano Rajoy presidente espainolari, ETAri eta Gasteizko Legebiltzarreko oposizioko alderdiei zuzendutako mezuak igorri ditu gaur, bere alderdiaren sorreraren 119. urteurrenean.

Bilboko Albia lorategietan EAJk egin duen ekitaldian izan dira Ortuzar eta Urkullu. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Bilboko Albia lorategietan EAJk egin duen ekitaldian izan dira Ortuzar eta Urkullu. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

EAJ talde politiko gisa sortu zeneko 119. urteurrena eta Arana Goiri anaiek ikurrina egin zuteneko 120. urtemuga ospatzeko ekitaldia egin du alderdi horrek Bilbon eta bertan hitz egin du Andoni Ortuzar EBBko lehendakariak.

Ortuzarrek hiru hartzaile izan ditu bere hitzaldian. Batetik, Mariano Rajoy Gobernu espainolaren presidentea. Hiritarrei entzuteko eta «dagokion lana» egiteko eskatu dio. Estatus politikoaren gaia ez saihesteko eta horri buruz hitz egiteko esertzeko deia egin dio. «Eser gaitezen, arazoak behingoz konpontzeko, denontzat etorkizun hobea bilatzeko. Ez egin iruzurrik. Egon zaitez une zailenek eskatzen duten mailan», esan dio.

Ildo beretik, bigarren hartzailea ETA izan du, «gauza bera» esateko. «Entzun iezaiezue euskal gizon eta emakumeei. Ez ezazue gehiago luzatu hiritargoak gainditutzat jo duen prozesua. Eman itzazue armak, onar ezazue egindako mina eta joan zaitezte dagokizuen lekura, historia liburuetara. Egin ezazue behingoz herri honen mesederako zerbait», adierazi dio erakundeari.

Hazkuntza ekonomikoa oztopatzea

EAJko lehendakariak Gasteizko Legebiltzarrean oposizioan dauden alderdientzat ere izan ditu hitzak eta, krisi ekonomikoaren harira, «ekonomiaren hobekuntza oztopatzen» aritzea leporatu die. Hausnarketa egin eta Lakuako Gobernuari eta Iñigo Urkullu lehendakariari laguntzeko galdegin die, «politika ez dena» egin ordez.

«Gobernua indargabetu nahi dute eta, bide horretan, herria da indargabetzen dutena. Oposizioa ekonomiaren hobekuntza oztopatzen ari da, ez daude egoerak eskatzen duen mailan. Ez dute Euskadiren alde begiratzen. Ez dute euskal gizon eta emakumeen alde egiten. Gobernua indargabetzea baino ez dute bilatzen», salatu du.

Ortuzarrek EAJren ibilbidea goraipatu eta nabarmendu du alderdi hori dela «herri honek une latzetan izan dezakeen aliaturik onena. Zer litzateke gaur Euskadi EAJ-PNVrik gabe?», galdetu du.