NAIZ
DONOSTIA

Gazte bat atxilotu du Ertzaintzak, Pasaian emakume bat bortxatzen saiatzea egotzita

Ertzaintzak 21 urteko gizon bat atxilotu du Donostian, Pasaiako tren geltokian emakume bat bortxatzen ahalegintzea leporatuta.

Lakuako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, ostegunean atxilotu zuten 21 urteko gaztea, Donostian, asteazkenean Pasaian emakume bat bortxatzen saiatzea leporatuta.

Ertzaintzak kaleratutako bertsioaren arabera, «txakur arriskutsu» batekin zihoan gaztea emakumea jarraitzen hasi zen, eta haren atzetik sartu zen Pasaiako tren geltokira.

Geltokian bertan ukituak egin zizkion eta ondoren bortxatzen ahalegindu zen. Hala ere, emakumeak laguntza eskatu zuen eta erasotzaileak alde egin zuen orduan.

Emakumeak trena hartu zuen eta bertako bidaiariek, haren egoera ikusita, lagundu egin zioten eta larrialdi zerbitzuei hots egin zieten.

Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen eta atzo atzeman zuen gaztea, Donostian.