@iontelleria
Donostia

4.000 pirata inguruk abordatu dute Donostiako Aste Nagusia

Urtez urte haziz eta sona areagotuz jarraitzen du Donostiako Piraten ekimen aitzindariak. 400 ontzi inguruk eman dute izena aurtengo abordatzea osatzeko eta antolatzaileen arabera 4.000tik gora izan dira parte hartu dutenak. Euriaren izurik gabe, jaia, kolorea eta giro ona nagusitu da portutik Kontxarako bidean.

Jendetza batu dute Piratek uretan eta lehorrean abordatzea bitartean. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)
Jendetza batu dute Piratek uretan eta lehorrean abordatzea bitartean. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)

«Irudi polita ikusi dugu, parte hartzaile piloa eta denak giro ederrean». Batiste Ezeiza Donostiako Piraten bozeramaleak abordatzean parte hartu duten ontziek Donostiako portua utzi ostean Ttanttakun irratian egindako lehen adierazpenak dira. Eman dituen datuen arabera 400 ontzik emana zuten izena aurrez eta horiek eta izenik eman gabe parte hartu dutenak gehituta 4.000tik gora izan dira aurtengo abordatzean parte hartu duten herritarrak.

Pozik zen Piraten ordezkaria ekimenak hartu duen dimentsioagatik eta ekimenak Donostiatik eta Euskal Herritik kanpora ere sona hartu duela nabarmendu du.

Agian horren adibide edo, hainbat enpresek abordatzearen argazkiak euren publizitaterako baliatu dutela adierazi du (gaur ere sare sozialetan garagardo enpresa ezagun batek hori bera egin du). Eurekin hitz egin gabe egin dute hori enpresa horiek, baina ekimenaren dimentsioaren adibide gisa azpimarratu ditu Ezeizak.

Abordatzea eta abordatzeak

Piratek antolatutako abordatzea portutik Kontxara eta urte askoan Donostiako Aste Nagusiaren jai eredu bakarra izan dena antzaldatzeko asmoarekin egindakoa da. Jai herrikoien aldeko abordatze sinbolikoa eta Donostiako Piratek urte hauetan guztietan indartzen jardun duten eredu berriaren adierazgarri. Hala ere, aurten bestelako abordatzeak ere izan dira.

Portutik Kontxarako bidea ez baita gozoa beti. 17.00k pasatxo eman dute Ezkila kapitainak eta Mattik abordatzea abiatzeko seinalea. Ontziak bilatzen lanak izan dituzte askok, eta igeri batetik bestera ibili dira. Norberaren ontzia ondoratuz gero, ondokoarena abordatzea ere zilegi, «edozer dugu posible» dionez Piratek azken hilabeteetan errepikatu duten leloak.

Ontzi txukunetan batzuk, pale huts batean geratu diren xafletan besteak, flotagailuan babesa hartuta asko... abordatze ugariko abordatzea izan da aurtengoa ere.

Behin uretara sartuta ez zuen askorik axolako baina goizeko euri langarrek kezka sortu dute antolatzaileengan, ekimenari nola eragingo zion. Ontziak prestatu ostean Zuloaga plazan egin duten bazkarian aterkiak lagun behar izan dituzte piratek. Hala ere, abordatzearen ordua iritsi ahala atertu egin du eta jaia izan da protagonista.

Abordatzeaz haragokoak

Donostiako piraten ekimen esanguratsuena, edo hedabideetan, behintzat, sona handiena da abordatzea; euren ekinbidean ez da ekimen bakarra, ordea. Donostiako Aste Nagusian urtez urte pisu handiagoa hartzen ari da jai herrikoien aldeko bidea eta horren adierazgarri ekimen eskaintzaren ugaritzea eta kofradia berriak sortzearekin abiatu dutena. Aste Nagusiak dirauen bitartean jarraituko dute jai herrikoien aldeko beste mota bateko abordatzeek hiriburu gipuzkoarrean, heldu den igandeko Irrikitaldiak jai egitaraua itxi bitartean.