NAIZ
BAGDAD

Irakeko presidenteak kargutik kendu du al Maliki lehen ministroa

Haider al Abadiren esku utzi du Fuad Massoum Irakeko presidenteak gobernu berria eratzeko ardura. Al Abadi orain arteko lehen ministroaren, Nuri al Malikiren, alderdi berekoa da baina oposizioan diren xiieten alderdien koalizio nagusiak proposatu dio Massoumi hautagai gisa. ISIS yihadistaren aurka egiteko adostasun zabalagoak lor zitzan presio egiten ari ziren, besteak beste, AEBak.

Nuri al-Maliki,Irakeko azken hauteskundeetan bozkatzen. (Ali al-Saadi./AFP PHOTO)
Nuri al-Maliki,Irakeko azken hauteskundeetan bozkatzen. (Ali al-Saadi./AFP PHOTO)

Azken egunetan zurrumurru zena baieztatu da, Nuri al Malikiri lehen ministroa kargutik kendu eta bere ordezkoa proposatu du Fuad Massoum Irakeko presidenteak. Azken egunetan presio egin diote Malikiri indar politiko ezberdinek eta baita AEBek ere. Bere lidergoaren baitan behar adinako adostasun ez izateak ISIS yihadistak indartsuago bilakatzen zituela argudiatuta. Malikiren ordez Haider al Abadiri agindu dio presidenteak gobernua osatzeko. Abadi Maliki beraren alderdi berekoa da baina oposizioan xiieten alderdien koalizio nagusiak proposatu dio goizean Massoumi lehen ministro berri gisa.

Azken orduak nahasgarriak izan dira gaur arte lehen ministro zenaren eta Massoum presidentearen artean. Malikik presidentearen aurka judizialki egiteko asmoa iragarri zuen atzo, Konstituzioa urratu zuelakoan bere alderdiari parlamentuan gehiengoa duela ez aitortzeagatik. Irakeko auzitegi batek arrazoi eman zion Malikiri atzo eta horren ostean Bagdaden indar militarren erakustaldia egin zuen Malikik.

Bertako alderdiez gain, ordea, kanpotik ere presio egin diote Malikiri kargua utz zezan eta gobernu indartsu bati bide eman ziezaion. Gaur, John Kerry AEBetako Estatu idazkariak «bazterrak ez nahasteko» eskatu dio Malikiri eta Irakeko presidentea, Fuad Massoum kurdua, «erabat» babesten dutela AEBek esan du.

AEBek Irakeko estatuaren iparraldean, Kurdistanen, bonbardaketak egin ditu azken orduetan ISIS yihadisten indartzea galarazteko; bide horretan Bagdaden gobernu «indartsua» izatea «oso garrantzitsua» dela berretsi du Kerryk.