NAIZ
Basauri

Basauriar bat atxilotu du Poliziak presoekiko eta Palestinarekiko elkartasun ekimen banagatik

Atzo iluntzean atxilotu eta gaur arratsaldean aske utzi dute Iker Urtueta 23 urteko gazte basauriarra, Ernaiek jakinarazi duenaren arabera. Antza, presoen eskubideen aldeko ‘Denok ala inor ez’ kanpainaren baitan egindako ekimen batean eta Palestinarekiko elkartasunez egindako beste batean parte hartzeagatik kalteak egotzi dizkio Espainiako Poliziak.

Iker Urtueta Bilboko epaitegian askatasuna berreskuratu berri. (Ernai)
Iker Urtueta Bilboko epaitegian askatasuna berreskuratu berri. (Ernai)

Basauriko Ernaik jakinarazi duenaren arabera atzo arratsaldean Iker Urtueta basauriarra atxilotu zuen Espainiako Poliziak etxeko atarian. Zortzi bat polizia inguratu, plaka erakutsi eta kalte delitu bat leporatzen ziotela eta komisaldegira eraman zuten. Gaur goizean pasa da epaitegitik eta askatasuna berreskuratu du.

Ernaiek jakinarazitakoaren arabera ekainean antolakunde honek burutu zuen ‘Denok ala inor ez’ presoekiko elkartasun dinamikaren baitan Basauriko Espainiako Poliziaren egoitzan ‘PRE S.O.S.’ hitza margotzeagatik eta uztailean Palestinarekiko elkartasunez Carrefour batean egindako ekimenean parte hartzeagatik atxilotu dute. Kalte delitu bat leporatzen diote.

Oharrean Urtuetak tratu ona izan duela esan du Ernaik baina atxiloketa salatu du konponbide garaia dela argudiatuta.