David REVELLES | 7K

Munich, kartsua eta erosoa

Egiazki kosmopolita, Bavariako hiriburuak pertsonalitate bikoitza azaltzen du: arima ia mediterraneoari lotutako jatorrizko teutoi DNA. Bikoiztasun horretan errotzen du bere hiri eta giza geografia xarmangarriaren lilura, non ihesaldi azkar batean horrelako lurralde biziaz eta erosoaz disfrutatu dezakegun.

Oktoberfest-ek urtero sei milioi lagun inguru elkartzen ditu. (Oscar ELÍAS)
Oktoberfest-ek urtero sei milioi lagun inguru elkartzen ditu. (Oscar ELÍAS)

Zentzu askotan, Munich estereotipo alemaniar gehienak biltzen dituen mikrounibertso apaina da: Bayerische Motoren-Werke-ren (BBW) sorlekua, bere jantzi tipikoekin eta musika bandekin desfilatzen duten bavariar bibotetsuen agertokia, Oktoberfest-a eta bere garagardo zaparrada… Haren arkitekturak, Grimm anaien kontakizun batetik ateratakoa dirudienak, jatorrizko parametro teutonikoei jarraitzen die. Hori egiaztatzeko, Altstadt-eko (Alde Zaharra) XV. mendeko kale harriztatuetan barrena ibiltzea, edota Marienplatz-era, hiriko erdigune kultural, politiko eta historikora, hurbiltzea besterik ez dago. Plaza eder horretan, begirada Rathaus (udaletxea) eta Frauenkirche-ko –Andre Mariaren eliza gotikoa– erraboil kupulez koroatutako 99 metroko dorreen artean banatzen da.

Hala ere, Mediterraneoko usaina antzematen zaio Bavariako estatu askearen hiriburuari. Biztanle kopuruan Alemaniako hirugarren hiria da. Lasaia, hedonista, Munichek zilbor-heste partikularra atxiki du Europa latindarrarekin. Milan oso hurbil dago. «Zentzu askotan, munichtarrok Italiako estaturik iparraldekoena garela sentitzen dugu», aitortzen du Berta Kühle-k, Shwabing-eko auzo eferbeszentean ardandegi bat zabaldu berri duen 26 urteko gazte enologoak. «Uste dut Municheko biztanleen izaera irekiago horrek gainerako Alemania osoaren jarreran eragiten duela», gehitzen du Kühle-k Getariako txakolina eta obatzda –Bavariako gazta tipikoa– uztartzen dituen bitartean.

Horrelakoa da XXI. mendeko Munich, etxe bakoitzetik, germaniarretik eta latindarretik, onena ateratzeko gai dena, eta aldi berean, tradizioa eta aurrerapena karrankarik gabe bateratzen dituena. Sinbiosi bertutetsu horren ebidentzia dira, adibidez, BMW Museum eta BMW Welt museoak.

Hori ez da adibide bakarra, Javi Martinez-ek, Athletic-eko jokalari ohiak, eta FC Bayern Munich-eko entrenatzailea den Josep Guardiolak ondo dakiten bezala. Biek dakite tradizioa eta abangoardia lotzeko grina horrek distira egiten duela Allianz Arena-ren azal argitsu eta aldakorrean. Futbol zelai horrek, 2005ean inauguratua eta bai Bayern-en bai Bundesligako TSV 1860 München talde historikoaren etxeak, polo nahaste horren fede ematen du.

Garagardo «tsunamia». Oktoberfest, urtero irail amaieran eta urriaren lehenengo astean egiten den garagardo festa ospetsua, Munich-eko galtzada harrien azpian aurki daitekeen espiritu alaiaren zantzurik hoberena da, lehertu egiten dena etiketa germanikotik urruntzen denean. Haren jatorria ezagutzeko 1810ean izan zen Bavariako Luis I.aren eta Theresa Hildburghausen-eko printzesaren arteko ezkontzara jo behar dugu, baina harrezkero munduko herri jairik handiena bihurtu da. Urtero sei milioi lagun hurbiltzen dira Theresienwiese landan sei fabrika tradizionalek jartzen dituzten karpetara festaz gozatzera eta 5 milioi litro garagardo, 750.000 oilasko erre, 650.000 saltxitxa, eta abar kontsumitzera. «Jatea eta edatea, gorputzerako osasuna eta arimarako poztasuna da», dio Bavariako errefrau zaharrak, eta bertakoek ondo baino hobeto betetzen dute. Bertako jakirik famatuenei ohore eginez ospatzen dute, adibidez, txerri-ukondoa chucrut osagarriarekin edota leberkäse janez, 1591n sortutako Hofbräuhaus (Am Platzl, 9) bezalako aspaldiko tabernetan bezala, horiek «mokadu» kategoria gainditzen duten zaporeak baitira.

Hori bai, ez da gaizki ulertu behar haien gustua Oktoberfest-eko gehiegizko zifrak ikusita. Munichtarrak, beren moduengatik, gustuengatik eta jarrerengatik, bavariarrak –ez barbaroak– eta bon vivant-ak dira eta fintasuna gustatzen zaie haren modalitate guztietan. Haien gustu gourmet-arengatik hasi behar da. Azken urteotan Japoniako, Libanoko eta Irango jatetxe elitistek konkistatu dute hiria, Municheko haute cuisine klasikoenarekin lekua partekatuz. Horren adierazpenik behinena Tantris jatetxe izartsua da, zeinak sukaldariburu Hans Haas –herriko Adrià– duen baliorik preziatuena.

Munichtarren fintasuna erostean ere islatzen da. Maximilanstraße-k ondo erakusten duen bezala, Munich, Europako iparraldean, glamour-aren sinonimoa da, marka bikainenez josita baitago. Bulebar aparta horretan, exekutibo arrakastatsuen eta ekintzaileen belaunaldi berri batek distira ateratzen die bere kreditu txartelei. Alemania osoko langabezia tasa txikienetako batekin, argitaletxe indartsuekin, teknologia eta automobil enpresekin, eta zinema ekoiztetxeekin, Munichen kontsumismoaren kemenaren unea da, fraulein Angela Merkel-i esker.

Halere, batere baztertzaileak ez direnez, munichtarrek beste erritu kontsumista eskuragarriago batzuekin ere gozatzen dute. Horren harira, koordenadarik nabarienak Hohenzollernstraße, Schwabing auzoan, edota Gärtnerplatzviertel dira, non artez, liburuz eta diseinuz betetako concept stores-ak pilatzen diren. Bestela ere, hor dira Flea Market eta Auer Dult merkatuak bigarren eskuko maukaren bat harrapatzeko.

Metropoli kulturala. Berrogeita hamar museo eta ehun antzoki inguru izanik –Münchner Kammerspiele izanik erreferentea– hiria etengabeko irakinaldi kulturalean bizi da. Ez dira ahaztu behar kontzertu eta ekitaldi aretoak, eta adibide moduan Munich bel canto-ren hiriburu bihurtzen duen Operaren Jaialdia aipatu behar da. Hiriaren iparraldean, Residenz Bavariako errege jauregi zenaren inguruan, etorbide dotore eta zabalen artean Municheko goi mailako kultura biltzen duen hiri neoklasikoa aurkitzen da. Kunstareal barruti kulturalean Pinakothek Der Moderne-k, Neue Pinakothek-ek eta Alte Pinakothek-ek ezinbesteko hirukotea osatzen dute. Bertan garrantzi handiko erakusketak ikus daitezke.

Hala ere, Munich ez da soilik kulturaren sinonimoa. Hiriak betidanik izan du gau giro ospetsua. Auzoka, gauari hasiera emateko ohikoena Schwabing bohemioa da, batez ere Münchener Freiheit inguruan. Gautxorientzat aipatu beharreko beste bi: unibertsitateko auzoa –Munichek 100.000 ikasle baino gehiago ditu- eta Glockenbachviertel dira, Sendlinger Tor-ren hegoaldean.

Baina bizitza eta sormena nahi izanez gero, onena Gärtnerplatz da. Langile auzo zahar horrek, gaur egun gay mugimenduaren feudoa denak, benetako hedapena bizi izan du diseinu zainduko jatetxeei, arte galeriei eta modako klubei esker.

Bizitzaren plazer txiki eta garrantzitsu horiek zaindu beharra. Beharbada, Munichera egindako bidaiatik ikas dezakeguna da, izaera aurreratua eta arrakastatsua izanagatik ere ez dituela bide bazterrean utzi bere nortasun ezaugarriak. Hala nola bizitzaren plazer txiki eta sinpleez gozatzea, munichtarrek ondo asko dakiten bezala. Hala nola atari zabaleko edozein jardueraz gozatzea. Hori egiaztatzeko, egun eguzkitsu batean Englischer Garten-era hurbiltzea besterik ez dago. Parke publiko hori, mundu osoko metropoli barrutiko gune berde handienetariko bat, bertako biztanleek gehien aukeratzen dutena da zuhaitz artean edo bizikletan ibiltzeko, Eisbach errekan surfean aritzeko edota germaniarren denbora-pasarik gustukoena praktikatzeko: arroparik gabe eguzkia hartzea, hain zuzen, haren printza-izpi txikiena agertu orduko. Eta nola ez, betiere biergarten batean gelditzeko irrikan (hirian zehar 180 daude), eguzkiaren errituala ospatzeko asmoz.

Horrelakoa da Munich, hiri kartsu eta erosoa, eta presarik gabe ezagutzea merezi duena. Kontua da erritmoz egitea, edaten den erritmo berarekin, errituala eta ia orgiastikoa dena, eta munichtarrek urrezko garagardo hektolitroen artean beren egarria asetzeko erabiltzen duten erritmo berarekin.