NAIZ
BILBO

Euskaltegira joateko gonbitea egin diete ikasleen gurasoei

Euskaltegietako matrikula epearekin bat eginez, hezkuntzako eragileek dei egin diete ikasleen gurasoei ere, urratsa eman eta euskara ikastera hurbil daitezen.

Hezkuntza eragileen eta euskaltegietako ordezkarien agerraldia, Bilbon. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)
Hezkuntza eragileen eta euskaltegietako ordezkarien agerraldia, Bilbon. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)

Euskaltegiek eta hezkuntzako hainbat eragilek agerraldia egin dute Euskaltzaindiaren egoitzan, Bilbon. «Zatoz euskaltegira» kanpainaren barruan egin den lehen ekitaldia izan da, gurasoei begira, eta bertan adierazi duten bezala, «gurasoen jarrera aktiboa oso inportantea da», haurrak euskalduntzeko prozesuan. Halaber, transmisioa «ezinbestekoa» dela azpimarratu dute.

«Umeak euskaraz hezi behar ditugu: euskaraz hezteko ereduak daude, alabaina, dakiten gurasoek seme-alabei euskaraz mintzatu behar diete eta ez dakitenek, ordea, prestakuntza jaso beharko lukete», adierazi dute.

Agerraldian izan dira, batetik, AEK, IKA, Batuz, Elkarlan, Deustuko euskal irakaslegoa, Aurten bai, Bai&By, Maizpide eta udal euskaltegiak, eta bestetik, Koldo Tellitu (Euskal Herriko Ikastolen Federazioa), Mikel Ormazabal (Kristau Eskola),eta Lurdes Imaz (EHIGE) hezkuntzako eragileak. Arantza Aurrekoetxea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordea eta Joseba Erkizia HABEko zuzendari nagusia ere izan dira ekitaldian.

Ekitaldian azaldu dutenez, ohiko ikastaro eta moduluez gain, gurasoei bereziki zuzendutako eskolak eskaintzen dituzte euskaltegiek, «gurasoen behar komunikatibo nagusietara eta ordutegietara egokitutakoak».