NAIZ
DONOSTIA

Larraitz Ugartek esan du ez dela ahaldun nagusirako hautagai izango maiatzeko hauteskundeetan

Heldu den urteko maiatzean egingo diren foru hauteskundeetan ez dela ahaldun nagusi izateko EH Bilduren hautagai izango esan du Larraitz Ugarte Gipuzkoako Aldundiko bozeramaile eta Mugikortasun eta Azpiegitura diputatuak.

Larraitz Ugarte, artxiboko irudian. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Larraitz Ugarte, artxiboko irudian. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Larraitz Ugarteri Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan galdetu diote ea 2015eko maiatzean egingo diren hauteskundeetan ahaldun nagusi izateko hautagai izango den, hedabide batean bere izena agertu dela-eta, eta ezetz erantzun du. EH Bildu bere hautagaitzak prestatzen ari dela esan du baina bera ez dela aurkeztuko ahaldun nagusirako.

Aldundiko bozeramaileak nabarmendu duenez, Helena Franco Ogasun diputatuak ere elkarrizketa batean esan berri du ez dela ahaldun nagusirako hautagai izango hurrengo hauteskundeetan.

Nolanahi ere, koalizioak «oso oso hautagai ona» izango duela ziurtzat jo du.

Martin Garitanok joan zen astean baieztatu zuen GARAri eskainitako elkarrizketan ez dela berriro ahaldun nagusirako hautagai izango baina bere konpromiso politikoak jarraituko duela.