NAIZ
BILBO

Euskararen egoeraren berri eman diete Behatokiak eta Kontseiluak Europako adituei

Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Itunaren ebaluazioa egiten duen aditu taldea Bilbon izan da eta Kontseiluarekin eta Behatokiarekin bildu da. Bi eragileek hizkuntza eskubideen berri eman diete adituei eta afera honetan Madrilgo Gobernuaren jarrera salatu dute.

Garbiñe Petriati eta Paul Bilbao, Europako adituei helarazi dizkieten txostenekin. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Garbiñe Petriati eta Paul Bilbao, Europako adituei helarazi dizkieten txostenekin. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Estatu espainolak erregio edo gutxiengoen hizkuntzen Europako Itunaren betetzeari buruzko laugarren txostena kaleratu ostean, Nafarroa eta EAEri dagozkien azterketak egin dizkiete Kontseiluak eta Behatokiak adituei.

Bilera bukatuta, medioen aurrean adierazpenak egin dituzte Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok eta Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik. Bilbaok Gobernu espainolaren jarrera salatu du, azpimarratuz ez diela «inondik inora er erantzun» Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak egindako gomendioei, ez eta Adituen Batzordeak egindako gomendioei ere.

«Gure ustez, oso larria da, kontuan hartuta eskaera hau hiru ebaluazioetan egin dela kontuak hartuta», nabarmendu du Bilbaok.

EAEri dagokionez, hezkuntza alorrean dagoen arazoa «benetan potoloa» dela aipatu du Behatokiko zuzendariak, eta horrek gizarteko beste esparru batzuetan eragiten duela gaineratu.

Horrez gain, adierazi du «nekez ulertzen dela berezkoa eta ofiziala den hizkuntza bat ikasteko edo hobetzeko matrikula bat ordaindu beharra».

Larria deritzote, bestalde, «Nafarroako Gobernuak hartutako hainbat erabaki eta neurri ezkutatu» zaizkiola Europako Kontseiluari.

Euskaraz ikasteko aukera bermatzeko edota EiTB digitalean ikusteko urratsik eman ez izana gogor salatu du Petriatik, besteak beste.

«Ukaezina da Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak babestu eta sustatzeko ekintza seguru baten beharraren gainean hartutako konpromisoa ez dela inolaz ere betetzen Nafarroako agintarien aldetik; aitzitik, euskararen garapenerako egitasmoen bideragarritasuna kolokan jartzeko neurriak dira Nafarroako agintariek azken urte hauetan hartu dituztenak», esan du Petriatik.