NAIZ
ZIBURU

Herritarrak kalera deitu ditu Seaskak Ziburuko Udalaren itxikeriari aurre egiteko

Ziburuko ikastolaren inguruan gurasoek egindako proposamen orori ezezkoarekin ari zaio erantzuten Guy Poulouk gidatutako Herriko Etxea. Gurasoek eurek, Seaskak eta Ikastolen Elkarteak azaroaren 8rako manifestazioa deitu dute ikastolaren alde. Aste horretan bertan, azaroaren 3an, ikastolari argi indarra kenduko diola iragarri du Udalak.

Seaska eta Ikastolen Elkarteko ordezkariak, gaurko agerraldian. (Bob EDME)
Seaska eta Ikastolen Elkarteko ordezkariak, gaurko agerraldian. (Bob EDME)

Konpontzetik urrun ezezkoan tematuta da Ziburuko Herriko Etxea. Hala salatu dute Kaskarotenia ikastolako gurasoek, Seaskak eta Ikastolen Elkarteak. Hiru taldeetako ordezkariek agerraldia egin dute oztopo horiek salatu eta herritarrei ikastolaren alde kalera irteteko deialdia egiteko. Azaroaren 8an manifestazioa deitu dute Ziburun. Ikastolaren aurkako jarrerak euskal herritar orori eragiten diola adierazi du Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidenteak eta bertaratzeko deia egin die herritarrei.

Paxkal Indo eta Hur Gorostiagak Seaskaren izenean eta Laida Mujikak gurasoen izenean Guy Poulouren Udal Gobernuak daraman jarrera salatu dute. Izan ere, egindako proposamen orori ezezkoa eman dio auzapezak. Azaroaren 3ak erakutsiko du jarrera hori argien. Egun Zokoan diren eskola publikoko haurrak Marinela auzoko eraikinera mugituko dituzte eta Kaskarotenia ikastolako ordezkariek Zokoan hutsik geratuko den eraikin hori baliatzeko aukera proposatu zioten Udalari, ikastetxe batek behar duen gutxieneko azpiegitura baduelako eta kosturik ez liokelako eragingo Udalari. Herriko Etxeak, ordea, ez du aukera hori baliatu nahi izan eta gainera, egun horretan bertan, Kaskaroteniari argi indarra moztuko diotela iragarri dute.

Ez da izan proposamen bakarra, beste hiru ere egin dituzte Kaskaroteniako arduradunek eta hiruei ezezkoa erantzun die Udalak.

Poulouren gezurrak

Proposamenak ez onartzeaz gain gezurretan aritzea egotzi diote Ziburuko ikastolako ordezkariek Poulou alkateari. Horietako bat, Marinelako auzoan den ikastetxe publikoaren lanei dagokiena da. Poulouk bertako lanak ezingo zirela amaitu esan zuen garaian epaitegietan bere salaketa babesteko, ikastolak traba egiten zuelako. Kaskaroteniako ordezkariek, ordea, lanak amaitu dituztela adierazi dute eta ez dela trabarik izan.

Herritarrak ikastolaren aurka jartzeko bidean publikoan diren haurren gurasoei ikasturte hasiera atzeratu egingo zela ere esan zien, antza, Poulouk. Halakorik ez dela izan gogoratu dute Ziburuko ikastolaren ordezkariek.