Gotzon ARANBURU
DONOSTIA

Komikigintzaren hasiera

Komigintzaren sorrera noiz gertatu zen ez dago garbi, baina aditu gehienek bi egilerekin lotzen dute hasiera hori. Bat, Töpfer marrazkilari suitzarra, komiki albumei dagokienez, 1830 aldean. Bestea, Richard Felton, Yellow Kid pertsonaiaren asmatzailea, elkarrizketetarako «globoak» erabiltzen hasi zena.

‘Ipurbeltz’en aleak ere gordetzen dituzte Komikigunean. (Gotzon ARANBURU)
‘Ipurbeltz’en aleak ere gordetzen dituzte Komikigunean. (Gotzon ARANBURU)

Euskaraz egindakoen artean, 1894an Donostian argitaratzen zen ‘El thun thun: semanario koshkero’ko istoriotxoak daude, eta handik gutxira –1897– Bilbon argitaraturiko ‘Euskalzale: astean asteango albistaria’n irten zirenak. Gaztelaniaz, Donostian ‘La galerna: semanario koshkero’ aipatu daiteke, 1890ekoa, eta ‘San Sebastián cómico’, 1896an argitaratua. Azken honen 22 ale dauzka Koldo Mitxelena Kulturuneak.

Pixka bat geroago, Bilboko ‘Euzko Deya’ aldizkaria ‘Teles eta Niko’ pertsonaien saila hasi zen ateratzen 1916an. Serie moduan pentsatutako aurreneko euskal istoriatxoa izan zen, eta gainera globoa edo bunbuiloa erabiltzen zuen elkarrizketetan. Hau ia ezinbesteko baldintza da lan grafiko bat komiki konsideratzeko. ‘Teles eta Niko’k erabilitako zeinu zinetiko, metafora bisual eta onomatopeiek indartu egiten dute komiki izaera.

Hurrengo euskal komikia ‘Txistu’ izan zen, 1927koa, eta ‘Poxpolin’, 1935ekoa. Erderazkoen artean, 1936ko gerraren ondoren Donostian asko argitaratu ziren, esaterako ‘Flechas y Pelayos: semanario nacional infantil’, oso kutsu frankista zuena.