NAIZ
DONOSTIA

Mikel Zabalza gogoan izan dute Altzan, Guardia Zibilak atxilotu zueneko 29. urteurrenean

Mikel Zabalzaren lagun eta auzokideek lore eskaintza egin dute Altzan, atxilotu zuteneko 29. urteurrenean. Igandean ekitaldia egingo dute Altzan bertan.

Mikel Zabalzaren argazkiaren aurrean ikurrina jarri eta lore eskaintza egin dute Altzako lagunek. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Mikel Zabalzaren argazkiaren aurrean ikurrina jarri eta lore eskaintza egin dute Altzako lagunek. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Guardia Zibilak Mikel Zabalza atxilotu zuenetik 29 urte bete diren egunean, Altzako bere lagun eta auzokideek lore eskaintza egin dute nafarra bizi zen etxearen ondoko parkean eta bertan heldu den iganderako antolatu duten ekitaldia aurkeztu dute.

Gogoratu dutenez, Zabalza gaur 29 urte atxilotu zuten eta inkomunikatuta eduki zuten Intxaurrondoko kuartelean. Handik 20 egunera bere gorpua Bidasoa ibaian agertu zen, egun askotan bilaketa lanak egin zituzten toki berean. Gorpua Guardia Zibilak berak topatu zuen. Bertsio ofizialaren arabera, eskuburdinak jarrita zituela ihes egin eta errekara jauzi egin omen zuen, baina senide eta lagunek ez diote sinesgarritasunik eman inoiz.

Altzako lore eskaintzan nabarmendu dutenez, Zabalza «torturak erail zuen». Intxaurrondoko kuartelean gertatu zenaz «egia ezagutu gabe» jarraitzen dutela salatu dute.

Auzokide eta lagunek justizia eta erreparazioa aldarrikatu dituzte, izan ere, 29 urte igaro diren arren, «inork ez du eragindako mina aitortu, inork ez du ardura bere gain hartu eta Mikelen heriotzagatik zigorgabetasuna erabatekoa izan da. Mikelek bigarren mailako biktima izaten jarraitzen du».

Nafarraren memoria aldarrikatzen jarraituko dutela esan dute eta, ildo horretan, igandean Altzako San Martzial plazan antolatu duten oroimen ekitaldira joateko deia egin dute. 13.00etan izango da, ‘Mikel gogoan, egia, justizia eta erreparazioa’ lelopean.

Joan zen igandean, Orbaitzetan oroitu zuten Zabalza senide, lagun eta udal ordezkariek.