NAIZ

Erabakitzeko eskubidea eta Gure Esku Dagoren sorrera, ‘Jostunak’ dokumentalaren ardatz

Datorren astean Bilbon, Iruñean eta Necoechean (Argentina) izango dira ’Jostunak’ dokumentalaren lehen emankizunak. Gure Esku Dago ekimenaren sorrera eta garapena ditu ardatz, ekainaren 8ko giza katea barne, eta Euskal Herriko pertsona esanguratsuen bitartez erabakitzeko eskubidearen inguruko korapilo nagusien inguruko hausnarketa dakar.


Trailerra

Bilboko Alondegian aurkeztuko dute asteartean (19.00) eta Iruñeko Golem Baiona zinemetan hilaren 20an eta Argentinako Necoechea hiriko Euskal Etxean 21ean izango dira hurrengoak, hortik aurrera herriz herri hedatuko da. ‘Jostunak’ dokumentalak Gure Esku Dago dinamikaren sorrera eta erabakitzeko eskubidearen inguruko gako nagusien hausnarketa ditu ardatz.

Ekainaren 8ko giza kate erraldoiera bidean herriz herri dinamika nola sortu den eta garatu den azaltzen du ikusentzunezko lanak, «nola sortu ziren konplizitate berriak, nola jarri ziren abian asmo berriak», diote azalpen testuan. Kontakizun hori herri ezberdinetako pertsonen testigantzari helduta eraiki dute eta ‘jostun’ gisa aurkezten dituzte lanean, Gure Esku Dagorena «herritarren borondateak jostiako istorio bat» dela zehaztuz.

Dokumentalaren zuzendaria Eriz Zapirain da, Jon Maiarekin batera Nazioen Mundua ekimenaren berri jaso zuen ‘Gazta Zati Bat’ lanaren gidari izan zena.

Kolore guztietako iritzi emaileak

Dinamikaren nondik norakoak azaltzeaz gain erabakitzeko eskubidearen inguruko korapilo nagusiak askatzea du xede dokumentalak. Aurkezpen testuan galdera hauek dakartzate: «Zein da euskal subjektua? Erabakitzeko eskubidea abertzaleen kontua da ala demokrazia ariketa hutsa? Zer da lehenbizi, legea ala herritarren borondatea?».

Korapilo horiei kolore guztietako iritzi emaileei egindako elkarrizketekin erantzun nahi izan diote egileek. Horien artean dira Juan Jose Ibarretxe eta Carlos Garaikoetxea EAEko lehendakariak, Gemma Zabaleta Lakuako sailburu izandakoa eta PSEko kidea, Floren Aoiz Iratzar fundazioaren zuzendaria, Iñaki Soto GARAko zuzendaria eta Olatz Barriuso ‘El Correo’-ko kazetaria, Mario Zubiaga EHU-UPVko irakaslea, Menane Oxandabaratz (Baterako kidea) eta Mixel Berhokoirigoin (EHLG), William Douglas antropologoa eta Garbiñe Biurrun epailea, beste askoren artean.