NAIZ
DONOSTIA

Badatoz Olentzero eta Mari Domingi

Euskal Herriko txoko ugari bisitatu dituzte dagoeneko Olentzerok eta Mari Domingik, handia baita pilatutako lana. Gaur gauean gure leihoetako zirrikituetatik sartu aurretik, badago eskutitza emateko aukera anitz.

Olentzero Lesakan, gaur goizean. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
Olentzero Lesakan, gaur goizean. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Gure ikazkinik kuttunena urte osoan zehar lanean gogor aritu da, eta askoren gozamenerako heldu zaio menditik jaitsi eta gure desioak betetzeko eguna. Ordu txikietan leiho nahiz tximinietatik gure etxeetara sartu aurretik, ordea, Euskal Herriko hiri eta herri ugari bisitatu ditu jada azken bi egunotan, agendan dituen konpromiso guztiak bete ahal izateko hainbat bisita aurreratu behar izan baititu... Gaur, baina, urtero bezala, hutsik egin gabe zeharkatuko ditu kale ugari euskal presoen alde.

Bisitarik goiztiarrena Nafarroan jaso zuten, Ollaranen. Jai giroan ospatu zuten igandea: azoka, gaztainak, txistorra, taloak... Iluntzean, berriz, ikazkinak haurren eskuetatik jaso zituen eskutitz guztiak.

Barakaldo eta Iruñea bitartean aritu zen atzo. Lehenik, Barakaldoko Hezkuntza Bilgunean. Bertan, hezkuntzaren egoerarekin oro har eta LOMCE legearekin zehatz-mehatz kezkatutako Olentzerori eskaera argia helarazi zioten: PPk Madrildik ezarri nahi duen legea Euskal Herrira ez ekartzea. «Wert jaunarekin hitz egin eta esan iezaiozu lege hau ez dela ona umeontzat, emaitzak lehenetsi eta gaitasunak alde batera uzten dituelako -dio eskutitzak-. Konta iezaiozu ere Eskola Kontseiluan familiok eskaini eta eman dezakegun guztia. Gogorarazi gure eskoletan erlijio ezberdinak elkar bizi direla eta ez zirela ebaluatu beharko herrialde laiko eta akonfesional batean bizi garelako».

Iruñean ere aldarrikapenek eta Olentzerok bat egin zuten atzokoan, EHNEren eskutik oraingoan. Elkarrekin, udaletxearen atarian ikatza utzi zuten nekazaritzako merkatu gardena Sarasate pasealekuan egiteko sindikatuak eskatutako baimenari ezezkoa eman ziolako Iruñeko Udalak.
Bilbo, Errenteria, Donostia...

Bilbora Olentzero oso konpainia onean iritsi zen atzo iluntzean. Mari Domingi, basajaun, galtzagorriak... Kalejira 18.30ean abiatu zen, Moyua plazatik. Bidean ehunka bilbotar agurtuz, Kale Nagusia, Plaza Biribila, Arriaga plaza eta Nafarroa kalea zeharkatu zituen, aurreko urteetan baino kalejira luzeagoa osatuz. Guztien sorpresarako, gainera, egurrezko pottoka erraldoi batean egin zuen ibilbidea gure ikazkinak. Mari Domingi eta Basajaun bera ere zurezko egitura magikoetan heldu ziren Bizkaiko hiriburura.

Gaur ere Bilbon izango da Olentzero, Arriaga antzokian hartuko baititu haurrak. 10.00etan hura ikusteko 1.500 ticket banatzen hasiko dira, Areatzan dagoen txurro dendaren ondoko etxetxo batean. Bisita, berriz, 11.00etatik 14.00etara egiteko aukera egongo da, hartutako txandaren arabera.

Errenteriara, bestalde, gurdian heldu ziren atzo Olentzero eta Mari Domingi. Eguerdian haurrekin Lau Haizeetara elkartean egon ondoren, arratsaldean egin zitzaien harrera ekitaldia Madalenako ermitan. Donostiarako bidea hartu eta herria utzi aurretik, eskutitzak jaso eta haurren azken eskakizunak entzun zituzten.

Gipuzkoako hiriburura bazkalostean helduko da Olentzero, zehazki, 15.30ean, Zuloaga plazara. Udaletxeraino kalejiran joango dira ikazkina eta Mari Domingi, Abuztuaren 31ko kalean barrena. Ostean, 17.30ak arte eskutitzak jasoko dituzte bertan. Desfilea 18.00etan hasiko da Bulebarrean, ordubete geroago leku berean amaitzeko.