@Nagore Belastegi
BRUSELA

Alderdi desberdinetako eurodiputatuen harrera ona nabarmendu du Etxeratek

Europako Legebiltzarrean egiten ari den bilkuren baitan, Etxeratek ordezkariek bilera oso emankorra izan dute GUE/NGL taldeko kideekin. Bertan, alderdi desberdinetako politikariek senideek salatzen duten egoerari buruzko iritziak plazaratu dituzte eta ahal duten neurrian laguntzeko prest agertu dira.

Lidia Senra (ANOVA), Lynn Boilan (Sinn Fein), Urtzi Errazkin (Etxerat), Bea Morales (Etxerat) eta Josu Juaristi, goizeko agerraldian. (@Belastegi)
Lidia Senra (ANOVA), Lynn Boilan (Sinn Fein), Urtzi Errazkin (Etxerat), Bea Morales (Etxerat) eta Josu Juaristi, goizeko agerraldian. (@Belastegi)

Etxeratek bigarren bilera eguna du gaur Europako Parlamentuan. Goizean prentsaurreko bat eskaini dute balorazio bat eginez, eta bertan esan dute orain arte izandako bilerak «oso positiboak» izan direla. Izan ere, jarrera ona erakutsi dute talde desberdinetako politikariek. Bereziki pozik daude GUE/NGL taldeko eurodiputatuekin egin duten bilkuran jasotako iritziekin. «Oso hunkigarria izan da elkartasun hitzak entzun ditugulako eta sufrimendiarekin amaitu behar dela adierazi dutelako», adierazi dute Etxerateko kideek.

Bilera horretan Josu Juaristik (EH Bildu) egin du aurkezpena eta ostean Gaizka Arangurenek hartu du hitza, ordezkaritzako gainontzekoak entzuten ari ziren bitartean. Ondoren hainbat parlamentarik hitza eskatu dute euren ekarpena egiteko. Bloco de Esquerdako Marisa Matias, PCPko Ines Zuberg, Syrizako Emanolis Glezo eta Dimitrios Papadimoulis, IUko Marina Albiol, Podemoseko Tania Gonzalez eta Die Linkeko Helmut Scholz laguntzeko prest agertu dira. Sinn Feineko Martina Andersonek ere hitza hartu du esateko identifikatuta sentitzen dela senideekin.

«Kartzelan izan nintzenean ez zitzaidan inporta, banekien zergatik negoen han, baina nire familiak ez zuen zertan egoera hori sufritu behar. Senideak zigortzen dituzte beste pertsona batek egin duenagatik», azpimarratu du.

Taldeko lehendakari eta Die Linkeko diputatu den Gabi Zimmer-ek Juaristi eta Andersoni eskatu die senideen egoerari buruz mintzatzeko talde bat gidatzeko, bertan bestelako diputatuek ere parte hartu ahal izan dezaten.

Prentsaurrekoan azpimarratu duten beste ideia bat izan da inongo politikarik ez diela atentzioa deitu «erabilitako terminologiarengatik», hau da, «preso politiko» terminoa erabiltzeagatik, PPEko Frank Engel barne.

Goizean, Etxeratek prentsaurrea eskaini aurretik, Teresa Jiménez Becerril eta Maite Pagazaurtundua PPko eta UPyDko eurodiputatuek ere euren agerraldia egin dute eta bertan salatu dute Etxeratek «lotsa gutxi» duela Europar Parlamentura «preso politikoen hurbilketa» eskatzera joateko.