NAIZ
GASTEIZ

Maite Iturbe kargutik kentzeko eskatu dio Legebiltzarreko oposizioak Urkullu lehendakariari

Gasteizko Legebiltzarreko oposizioak, bere osotasunean, Maite Iturbe EiTBko zuzendari kargutik kentzeko galdegin dio Iñigo Urkullu lehendakariari. Zentzu horretan, Legebiltzarrean pasa den otsailaren 5ean hartutako erabakia errespetatzeko eskatu dio.

Maite Iturbe, EiTBko zuzendaria, kargutik kentzeko eskatu dio oposizioak Urkulluri. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)
Maite Iturbe, EiTBko zuzendaria, kargutik kentzeko eskatu dio oposizioak Urkulluri. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)

Pasa den otsailaren 5ean Gasteizko Legebiltzarrak hartutako erabakiari jarraiki, oposizio guztiak bat egin eta, beste behin, Maite Iturbe EiTBko zuzendari kargutik kentzeko eskatu dio Iñigo Urkullu lehendakariari.

PP eta UPyD alderdiek aurkeztutako proposamen eztabaidatu dute Ganberan, aurrera atera ez dena EH Bildu abstenitu egin delako. PSEk alde bozkatu du; EAJk, berriz, aurka. Bi puntuko proposamena zen aurkeztu dutena, eta bigarren honek eragin du koalizioaren abstentzioa.

Lehenengoarekin oposizio guztiak egin du bat. Bertan, Urkulluri eskatzen zitzaion Legebiltzarrak Iturberen inguruan hartutako erabakia bete zezala. Bigarrenak, aldiz, EiTBren kalitate eta objektibotasunari egiten zion so. PP eta UPyDren arabera, egungo zuzendaritzaren ildo editoriala ez dator bat euskal gizarteak dituen interesekin.

Proposamenaren harira eman duten eztabaidan, Luke Uribe-Etxebarria EAJko legebiltzarkideak adierazi du ez dagoela arrazoirik EiTBko egungo zuzendaritza aldatzeko, eta azpimarratu du EAJk ez duela onartuko euskal irrati-telebistaren eginkizun publikoa zalantzan jartzea.

Unai Urruzunok (EH Bildu), aldiz, pilota Lakuako Gobernuaren teilatuan dagoela adierazi du eta, nahiz eta EiTBren ildo editorialarekin zenbait kasutan ados ez daudela onartu, argitu du ez daudela ados esatean EiTB euskal gizartearen interesetatik urrun dagoela.

PSEko Mikel Unzalu berretsi egin da bere taldeak Iturberen taldearekiko duen konfidantza faltan, eta irrati-telebistaren ildo editoriala abertzaleen mesederakoa dela salatu du. Ildo beretik hitz egin dute Nerea Llanos eta Gorka Maneiro PP eta UPyDko legebiltzarkideek, hurrenez-hurren. «Abertzalea bazara lehen mailako ikuslea zara, bestelakoan, bigarren mailakoa zara», adierazi du Llanosek.