NAIZ

Baldintzapeko askatasuna ukatu die epaitegi frantsesak Itxaso Zaldua eta Oihana Garmendiari

Oihana Garmendia eta Itxaso Zalduaren baldintzapeko askatasunaren eskaerak errefuxatu ditu epaitegi frantsesak. Era berean, Josetxo Zeberiorena onartua izan da, baina fiskaltzak helegitea jarri du, Bagoaz kolektiboak ezagutzera eman duenez.

Itxaso Zaldua eta Oihana Garmendiaren baldintzapeko askatasunaren eskaerak errefuxat ditu epaitegi frantsesak. Josetxo Zeberiorena, aldiz, onartu egin du, baina fiskaltzak helegitea jarri du eta azken auzia martxoaren 17an ospatuko da, Bagoaz kolektiboak adierazi duenez.

EPPK-ak hartu dituen erabakien baitan kokatzen dira eskari hauek eta Bagoaz dinamikaren lana.

Kasu honetan, frantses Estatuko Bapaume eta Roannen daude preso. Bai Zaldua zein Garmendia epaiketaren zain daude eta Bagoazek adierazi duenez, erabaki hauetan «argiki Euskal Herriak bizi duen prozesuari frantses agintariek duten ukazioa adierazia geratu da».

Era berean, EPPK-ak hartu dituen erabaki desberdinak eta haien bide orria «ukatu» egiten dutela salatu dute. Honela, «bake prozesuaren aurka» aritzea leporatu diote Estatu frantsesari. Gainera, presoen giza eskubideak urratzen dituztela adierazi dute.

Azkenik, Euskal Herriak bizi duen egoeran epai hauek duten garrantzia gogora ekarri dute: «Epaile hauek hainbat pausu egiteko aukera dute bakearen bidean. Hauek egitea eskatzen diegu», amaitu dute.