NAIZ
USURBIL

Usurbilen ospatuko den Kilometroak jaiak badu abestia

Usurbilen urriaren 4an ospatuko da Kilometroak 2015 jaia eta gaur aurkeztu dute erritmoa jarriko dion abestia. Herriko hainbat musikariren artean egin dute, Jakoba Errekondoren hitzetatik abiatuta.

Usurbilen ospatuko den Kilometroak jaialdiaren abestia aurkeztu dute. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)
Usurbilen ospatuko den Kilometroak jaialdiaren abestia aurkeztu dute. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)

Udarregi ikastolak antolatuta Usurbilen urriaren 4an ospatuko da Kilometroak 2015 eta gaur aurkeztu dute abestia, herriko hainbat musikariren artean osatua, Jakoba Errekondoren hitzak oinarri hartuta.

Potxoenea kultur etxean egin dute aurkezpena. Bertan, Mariaje Imaz Udarregi ikastolako zuzendaria, Mertxe Aizpurua Usurbilgo alkatea, Eñaut Telleria Ikastolen Elkarteko ordezkaria, Jakoba Errekondo abestiaren hitzen egilea eta kanta egiten duten musikarietako bi, Ixak Arruti eta Labrit Zabala izan dira.

Errekondo izan da letra egitearen arduradun. «Euskaraz ari bagara, ikastola baldin badugu, hari batek lotzen gaituelako ari gara. Euskararen historiaren lokarri luzearen hari gara: iazko Orioko txikotarekin lotzen dugu geure soka, lokarria, lixta, haria», azaldu du.

Zentzu honetan komunitaterik gabe ez dagoela hizkuntzarik aldarrikatu du: «Heldu diogulako eta bertara josi garelako, (h)ari garelako bada hizkuntza». Errekondok azaldu duenez, «komunitatea emea da". "Baloreen transmisioa, kulturarena, hizkuntzarena baita ere emea da. Hortik bertako, Usurbilgo hika emearen, nokaren aditzen erabilera: Zitxatoztilakoan, genitxatoztinan, gatoztin», gaineratu du.

Herriko musikariek sortu dute abestia, Arruti eta Zabalak azaldu duten moduan. «Abestiaren letrak shock egoeran utzi gintuela hasiera batean, ezohikoa eta irregularra baita, baina hori guztia gaindituta, letraren magiak bizia hartu zuen», adierazi dute.