NAIZ
DONOSTIA

Eztabaida publikoa egitera deitu ditu Izagirrek hautagai ezberdinak

Herritarren aurrean eztabaida publikoak egiteko proposamena luzatu die Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate eta EH Bilduren zerrendaburuak gainontzeko alderdietako hautagaiei.

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate eta EH Bilduren zerrendaburua, agerraldian. (NAIZ.EUS)
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate eta EH Bilduren zerrendaburua, agerraldian. (NAIZ.EUS)

Datorren maiatzean ospatuko diren udal eta foru hauteskundeen harira proposamen bat luzatu die Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate eta EH Bilduren zerrendaburuak gainontzeko alderdietako hautagaiei.

Proposamena herritarren aurrean eztabaida publikoak egitean datza. Hautagai ezberdinek enplazamenduari emaniko erantzunaren arabera joango dira ekimena gehiago zehazten. Hala ere, proposamenaren oinarrian dauden hainbat puntu zehaztu ditu Izagirrek.

Leheneik eta behin, eztabaidak publikoa izan beharko lukeela adierazi du. Herritarren aurrean egin beharrekoa izango da, irekia, eta herritarren parte hartzeko aukera emango zaie, «galbaherik gabe».

Era berean, ekimenean parte hartuko luketen hautagaiek erabakiko lituzkete ariketaren iraupena, data edo hau burutuko litzatekeen lekua.

Izagirrek egingo diren eztabaida publiko guztietan parte hartzeko borondatea erakutsi du, eta hauetan edozein gairen inguruan hitz egin ahal izango dela nabarmendu du.