NAIZ
BILBO

AHTren kostu eta onuren gaineko txostena egiteko eskaera Europara eramango du EH Bilduk

EH Bildu koalizioak iragarri du Europako Parlamentuari eskatuko diola Lakuako Gobernuari galdegin diezaiotela ‘Euskal Y’-ren kostuen eta onuren arteko azterketa «zorrotza» egitea.

Dani Maeztu eta Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkideak, artxiboko irudi batean. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Dani Maeztu eta Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkideak, artxiboko irudi batean. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

EH Bilduko legebiltzarkide Dani Maeztu –Durangoko alkategai ere badena– eta Oskar Matutek agerraldia egin dute Bilbon, AHTren kostu eta onurei buruzko txostenaren afera Europara eramango dutela jakinarazteko.

Zehazki, azaldu dute Europako Parlamentuan eskaera egingo dutela, Lakuako Gobernuari eska diezaioten aipatutako proiektuari buruzko txosten «zorrotza» egitea. Azterketa hori egiteko, neurri horretako azpiegiturentzat Europako Batzordeak daukan gida erabiltzeko eskatuko du koalizioak.

Txostena egin ezean, era horretako azterketetan aritzen diren eragile eta adituekin batzordea eratzea sustatuko du koalizioak, Matute eta Maezturen esanetan, «tamaina honetako obrak euskal gizarteari suposatzen dion errentagarritasun edo defizit soziala zein den ezagutu ahal izateko».

EH Bilduko ordezkariek esan dutenez, joan den ostegunean, ‘Euskal Y’-a eraikitzen jarraitzearen alde egin zuen Gasteizko Legebiltzarrak –EAJ, PSE eta PPren botoekin– eta, datuek «ekonomikoki zein sozialki» errentagarria izango ez dela dioten arren, makroproiektuari buruz eskatutako informazioa (konexio denborak, bidaiari eta merkantzia kopuruak...) eman ez ziotela salatu du koalizioak.