Lehena igande honetan emango dute Andra Maria elizan. Eresbileko zuzendari Jon Bagüesen hitzetan, obra hau Parisera ikasketak ontzera joan aurretik osatu zuen Usandizagak. Mezaren aurretik, José Antonio Pascual organistak Usandizaga eta Estanislao Suduperen obrak eskainiko ditu eta, eguerdian, txistulariek eta herriko musika bandak konposatzaile donostiarraren hainbat obra eskainiko dituzte, besteren artean ‘Euskal festara’, ‘Las golondrinas’ edota ‘Mendi-Mendiyan’. ‘Bitz’ lanaren zati bat ere eskainiko dute.
Obra hori, esan bezala, hilaren 16an estreinatuko dute EOS eta Andra Mari abesbatzak. Bagüesen hitzetan, «ez da kontzerturako obra bat, ezaugarri oso bereziak baititu. Komedia bat izango zenaren lau ilustrazio dira, Usandizaga zeharo ezberdin bat ezagutzeko aukera emango diguna; gaztea, dibertigarria...».
Gazte bil zen Usandizaga, 28 urterekin, eta gaztetasun hori ere gogoratu nahi izan dute antolatzaileek. Hala, musikagile eta konposatzaile gazteak ere gogoan izango ditu Musikastek. Horretarako, besteren artean, Euskal Herriko musika eskolen topagune den Musikaldia jaialdiarekin egingo du bat eta, hala, egunotan 2.700 musika ikasletik gora izango dira Errenterian.
Bihar jaialdia irekiko duen kontzertuak ere belaunaldi berriak izango ditu protagonista: Musikeneko konposizio ikasleek osatutako Hitz-Xare laborategiak sei pieza eskainiko ditu Errenteria Hirian, eta horietako hiru, gainera, lehen aldiz interpretatuko dira jendaurrean. Kontzertua 20.00ean abiatuko da.