NAIZ
GASTEIZ

Manu Lezertua Ararteko izendatu dute datozen bost urteetarako

EAJ, PP eta PSEren botoak bilduta, Gasteizko Legebiltzarrak Manu Lezertua datozen bost urteetarako Ararteko izendatu du. Luix Barinagarrementeriak EH Bilduren 21 botoak jaso ditu.

Manu Lezertua, EAEko Ararteko berria. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Manu Lezertua, EAEko Ararteko berria. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Manu Lezertua EAEko Arartekoa izango da datozen bost urteetan, hala erabaki baitu Gasteizko Legebiltzarrak.

EAJ, PSE eta PPren 53 botoekin aukeratu dute Lezertua, karguan Iñigo Lamarca ordezkatuko duena.

Luix Barinagarrementeria EH Bilduren hautagaiak koalizio abertzalearen 21 botoak jaso ditu. UPyDk zuriz bozkatu du.

Duela bi egun izan zen Lezertua Parlamentuko Giza Eskubideen Batzordean bere asmoen inguruko azalpenak ematen. Azalpen orokorrak eman zituen eta adierazi zuen Arartekoari dagokiola arauak «gizalegez, duintasunez eta zentzuz» aplikatzen direla bermatzea.

«Eraginkortasunik galdu gabe» aurrekontuan eta egituran aurrezteko bideak aztertuko dituela ere hitz eman zuen.

Europako Kontseiluan egon zenean Batasuna legez kanpo uzteko Estrasburgoko Auzitegiaren erabakiari babesa eman zionik ere ukatu egin zuen.