@gara_olarretxea
GASTEIZ

Ezusterik ez zaintza partekatuaren legearen onarpenean, Gasteizko Legebiltzarrean

Gasteizeko Legebiltzarrak zaintza partekatuaren legea onartu du. EAJ, PP eta UPyD alderdiek alde bozkatu dute, PSE abstenitu egin da eta EH Bilduk aurka egin du. Azken unera arte negoziatu duten legearen atzeraeraginezko izaera ere aurrera atera da.

Kidetza elkarteko ordezkariek osoko bilkura jarraitu dute. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Kidetza elkarteko ordezkariek osoko bilkura jarraitu dute. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Hiru urteko tramitazioaren ondoren, Gasteizko Legebiltzarrak onartu egin du gaur goizean EAEn zaintza partekatua arautzen duen lege berria. EAJ, PP eta UPyD alderdien aldeko botoekin atera da aurrera neurria. Gainera, legeak atzeraeraginezko izaera izango du, honenbestez, dagoeneko zaintza araututa duten kasuak berrikusiak izan daitezke bi gurasoetako batek hala eskatuko balu.

EH Bilduk ez du lege berria babestu, aurka bozkatu du. Diana Urrea legebiltzarkideak defendatu duenez, zaintza partekatua helburua da koalizioarentzat, «zalantzarik gabe», azpimarratu du, baina kasuak «banan-banan» aztertu eta bakoitzari neurrira egindako irtenbide bat ematearen alde azaldu da. Bere ustez, onartu berri den legeak ez du hori ziurtatzen.

Gizon eta emakumeen arteko parekidetasunaz luze mintzatu da Urrea, eta hori lortzetik «oso urrun» gaudela defendatu du. Hor dago gakoa bere ustez. Eskaini dituen datuen arabera, gaur egun lan jardunean murrizketa eskatzen dutenen %93a eta eszedentzia eskatzen duten langileen %95a emakumeak dira, amak dira. «Zaintza partekatua helburua da guretzat –berretsi du–, baino haurrak jaiotzen diren une beretik», erantsi du. Hori da, legebiltzarkidearen aburuz, lehenik eta behin irauli beharreko eredua. «Batzuetan zaintza partekatua izango da egokiena, baina beste hainbatetan, ez», amaitu du.

PSEtik antzeko jarrera erakutsi du Miren Gallastegik. «Zaintza partekatuak ez du berdintasuna ekarriko, baizik eta berdintasunak ekarriko du zaintza partekatua», adierazi du.

Ezaugarri batzuk

Lege berriak zaintza partekatua arau nagusi gisa ezarriko du; hau da, epaileak aukera hori aztertu beharko du lehentasunez baina baldintza egokirik ez badago, baztertu egingo du. Gainera, gurasoetako bat aurka agertzea ere ez da nahikoa izango aukera hori baztertzeko, orain arte gertatzen ez zen bezala.

Halaber, araudiak bitartekaritzaren garrantzia handitu du; auzitara jo aurretik derrigorrezkoa izango dute bitartekaritza zerbitzutik pasatzea, kasu guztietan.

Gaur lege bilakatu den jatorrizko testua Legebiltzarrera 2011. urtean heldu zen eta, geroztik, aldaketa ugari jasan ditu. Sustatzailea Kidetza guraso bananduen federazioa izan zen, Ganberara 85.000 sinadura eraman zituenean Herri Ekimen Legegile gisa erregistratuz.