NAIZ
Altsasu

Ezkio-Itsaso eta Deikaztelu arteko goi tentsioko linearen aurkako jarrera berretsi dute alkate berriek

Udal hauteskundeak pasa berritan, Altsasun bilkura egin dute Ezkio-Itsaso eta Deizkaztelu artean egin nahi duten goi tentsioko linea berriak kaltetuko dituzten herrietako alkate berriek. 2013an abiatutako kontrako jarrera berretsi dute hautetsi berriek eta Iruñea eta Lakuako Gobernuei Espainiako Gobernuari proiektua bertan behera uzteko eskaria helarazteko eskatu diete.

Alkateak Altsasun gaur.
Alkateak Altsasun gaur.

174 herrietako alkateek babestuta, 220 Udal eta Kontzejutan onartutako mozioak eta proiektuaren aurka aurkeztutako 14.000 alegazioak argudio, 2013ko konpromisoa eta jarrera berretsi dituzte Altsasun elkartu diren hautetsi berriek. Ezkio-Itsaso eta Deizkaztelu artean eraiki asmo duten goi tentsioko linea proiektuak kaltetutako herrietako alkateek egin dute batzarra kontrako jarrera berresteko.

Iruñeko eta Lakuako gobernuei proiektua bertan behera utz dezan Espainiako Industria eta Energia Ministeriora zuzentzeko eskaria egin diete.

Gaurko batzarrean orain arte erakutsitako kontrako jarrera berretsi dute, autopista elektriko hau ez delako beharrezkoa euren ustez eta igarotzen den herrien beharrak ase baino, Espainiako eta Frantziako Estatuko lotura handitzea beste helbururik ez duela salatu dute. 127 km-ko luzerako proiektua «erabat bateraezina da pasatzen den eskualdeetako garapen aurreikuspenekin», alkateen ustez. Gainera, ingurumenean, osasunean eta ehun produktiboan «eragin bortitza» eragingo duela uste dute.

Orain arteko eskariei Espainiako Gobernuak ez diela inolako kasurik egin salatu dute eta horregatik deia Nafarroako Foru Erkidegoko eta EAEko gobernuei.