NAIZ
MADRIL

Podemos eta Ciudadanosen boto estimazioak behera, PPk berriz irabaziko lituzkeen bozetan

CIS inkestaren arabera, Estatu espainolean gaur hauteskundeak egingo balira, PP aterako litzateke berriro ere garaile, botoen %28,2 bilduta. PSOE bigarren indarra litzateke, 3,3 puntu atzerago. Podemos eta Ciudadanos hirugarren eta laugarren izango lirateke, hurrenez hurren, bien boto estimazioak behera egin duelarik.

Mariano Rajoyren PPk irabaziko lituzke berriro Estatuko hauteskundeak, CISen arabera. (Cristina QUICLER/AFP PHOTO)
Mariano Rajoyren PPk irabaziko lituzke berriro Estatuko hauteskundeak, CISen arabera. (Cristina QUICLER/AFP PHOTO)

Ikerketa Soziologikoaren Zentroak (CIS) kaleratu duen azken barometroaren arabera, PPk berriro irabaziko lituzke Estatu espainoleko bozak, botoen %28,2 lortuta.

PSOEren boto estimazioa igo egin da, %24,9ra iritsi arte, baina hala ere PPrengandik 3,3 puntura geldituko litzateke Pedro Sanchez buru duen alderdia. 

Boto estimazioetan indar handiz sartu ziren Estatu mailako bi alderdi berriek, Podemos eta Ciudadanosek, behera egin dute. Hala, Pablo Iglesiasen alderdia hirugarren indar gisa agertzen da CISen inkestan, botoen %15,7rekin, duela hiru hilabeteko barometroarekin alderatuz ia zazpi puntu galduta.

Ciudadanosek bozen %11,1 lortuko luke (apirileko datuekiko bi puntu galduta), laugarren indar gisa agertuz.

IUk beherako bidean jarraitzen du, %3,7ko boto estimazioarekin (apirileko barometroak %4,8 aurreikusten zuen) eta UPyDk ere babes txikiagoa lortuko luke, botoen %1,3 besterik ez (apirilean, %1,9).

Bestalde, CIS inkestak aipatzen du langabezia (herritarren %78arentzako da lehen kezka) eta ustelkeria direla herritarren kezka nagusiak.

Buruzagi politikoei dagokionez, Uxue Barkosek jarraitzen du Estatu mailan baloratuena izaten, Joan Baldovi (Compromis) eta Pedro Sanchezen (PSOE) aurretik.