NAIZ
BILBO

PPk uste du EAJk biktimen «beste mapa bat» egiten duela, EH Bildu «eroso» sentitu dadin

Bizkaiako PPko presidente Anton Damboreneak adierazi du EAJk «era desberdinetako biktimak» nahasten dituela bere «lehengusu» EH Bildu eroso sentitzeko, eta horrela koalizioak biktimak gogoratzeko ekitaldiekin «bat egin dezan». Azaroaren 10a ez dela «biktima guztien eguna» gaineratu du.

Anton Damborenea Gasteizko Legebiltzarrean. (Raúl BOGAJO / ARGAZKI PRESS)
Anton Damborenea Gasteizko Legebiltzarrean. (Raúl BOGAJO / ARGAZKI PRESS)

Bizkaiko PPko presidente den Anton Damboreneak EAJri egotzi dio biktimen «beste mapa bat egiten» duela, non «terroristenak eta terroristenak ez diren biktimak multzo berean» nahasten dituen. Honen helburua da, bere ustetan, alderdi jeltzalearen «lehengusu» den EH Bildu «eroso sentitzea eta biktimak gogoratzeko ekitaldiekin koalizioak bat egitea».

Damboreneak gaineratu du azaroaren 10a «soilik terrorismoaren biktimen» eguna dela. EAJ urte askotan egun hori «manipulatzen» saiatu dela salatu du, «EH Bilduk egun horrekin bat egin dezan, nahiz eta terrorismoa ez kondenatu».

Horrez gain, Bizkaiko PPko presidenteak tamaldu du frankismoko biktimak «ez dakit nongo biktimekin» nahastu behar izatea, frankismoa «duela 40 urte amaitu zelako eta ETA oraindik existitzen delako». PPk terrorismoaren era guztietako biktimak ohoratzen jarraituko duela gehitu du, «baita GALen biktimak ere».

Honen harira, esan du «nahi badute, terrorismoaren biktimak omentzeko beste egun bat finkatu dezakete, genero indarkeriaren biktimak omentzeko beste bat, beste bat lapurreten biktima izan direnentzat, eta beste bat nahi duten biktimentzat».