NAIZ

Amnistiaren aldeko martxaren harira abian diren ekinbide judizialak salatu ditu Sortuk

Sortuk Bilbon larunbatean amnistiaren alde egindako manifestaldiaren harira abiatu diren ekinbide judizialak salatu ditu eta «adierazpen askatasunaren zein manifestazio askatasunaren urraketa» direla azpimarratu.

Larunbatean Bilboko kaleetan amnistiaren aldeko mobizlizazioaren harira, Carlos Urquijok salaketa berri bat jarri zuen Auzitegi Nazionalean. Sortuk ekinbide judizial hauek «adierazpen askatasunaren eta manifestazio eskubidearen urraketa» direla salatu du.

Era berean, Urquijoren funtzioa «adierazpen askatasuna urratzea zein euskal herritarren eskubide zibil eta politikoak urratzea» dela gaineratu dute. Hau dela-eta, Sortuk «Gobernu Ordezkariaren figuraren desagerpena exijitu» du.

«Herriari ahoa itxi nahi diote»

Mobilizazioa deitu zuen amnistiaren aldeko mugimenduak ere ildo beretik egin du: «Urquijok eta enparauek euren kontakizuna beste inorenaren gainetik inposatu nahi dute eta horretarako herriari ahoa itxi nahi diote». Era berean, salaketen harira «kaltetuak suertatu daitezkenei» babes osoa adierazi diete eta lanean ildo beretik jarraituko dutela azpimarratu.