NAIZ
DONOSTIA

Joan Mari Torrealdaik jasoko du 2015eko Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria

Joan Mari Torrealdai soziologo, idazle eta euskaltzaleak jasoko du 2015eko Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria. Euskararen eta euskal kulturaren sustapenean egin duen ekarpena goretsi du epaimahaiak, hura jendartean «eredugarri» eta «erreferentea» izan dela gaineratuz.

Euskarari eta euskal kulturari Torrealdaik eginiko ekarpena goretsi du epaimahaiak. (EUSKO IKASKUNTZA)
Euskarari eta euskal kulturari Torrealdaik eginiko ekarpena goretsi du epaimahaiak. (EUSKO IKASKUNTZA)

Eusko Ikaskuntzak Torrealdairen (Forua, 1942) kultur ekoizpena goratu du, eta bere curriculumak sariaren filosofiarekin bat egiten duela nabarmendu: «Manuel Lekuonaren kezka ez zen bakarrik izan euskara eta euskal kultura ikertzea, baizik eta biziaraztea, hau da, gizartean merezi duten lekua ematea, eta horrekin bat egiten du Torrealdaik». Saria emateko ekitaldia 2016ko lehenengo hiruhilekoan egingo da.

Eusko Ikaskuntzak gogorarazi duenez, irabazlea lau hautagairen artean aukeratu da: Torrealdairekin batera, Ricardo Cierbide (Tafalla, 1936) hizkuntzalari eta historialaria, Ana Etxaide (Donostia, 1936) hizkuntzalaria eta Erdi Aroan espezializatutako Saturnino Ruiz de Loizaga paleografoa (Tuesta, 1939) izan dira hautagaiak.

Irabazleak hautatzeko bi bide erabili dira. Alde batetik, bozketa prozesua izan da, eta bertan Euskal Komunitate Globalak eta Eusko Ikaskuntzako bazkideek eman dute beren bozka; horiek azken emaitzaren %40 balio izan dute, eta mila lagun inguruk parte hartu du.

Beste alde batetik, epaimahai instituzionala osatu da, eta bere iritziak azken emaitzaren %60 balio izan du. Aurtengo edizioan, Eusko Ikaskuntzak, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak, Euskaltzaindiak, Aranzadi Zientzia Elkarteak, Labayru Ikastegiak, Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak eta Vianako Printzea Erakundeak osatu dute epaimahai instituzionala.

Torrealdairen ekarpen zabala

Joan Mari Torrealdai Parisko Unibertsitatean lizentziatu zen Gizarte Zientzietan eta Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) Informazio Zientzietan. Deustuko Unibertsitateko Soziologia eta Zientzia Politiketan Doktore titulua du eta Teologian lizentziatu zen Okzitaniako Tolosan.

Jakin eta Anaitasuna aldizkarien zuzendari izan da eta ‘Euskaldunon Egunkaria’ berripapereko kontseilu editorialeko kide, 1990ean sortu zenetik. Saiakera alorrean zein kazetaritzan aritu da. ‘Iraultzaz’ (1973) saiakeraren ondoren, euskarazko idazleei buruzko ikerketa soziologiko bat argitaratu zuen: ‘Euskal idazleak gaur. Historia social de la lengua y literatura vasca’ (1977). 1985ean Informazio Zientzietako lizentziatura tesia aurkeztu zuen –‘Euskal Telebista eta euskara’–, eta fakultate hartan euskaraz aurkeztu zen lehena izan zen.

1993tik aurrera XX. mendeko euskal liburuen katalogoa prestatu zuen. 1997an euskarazko kulturaren egoerari buruzko ikerketa soziologiko mardula argitaratu zuen: ‘Euskal kultura gaur’.

1998an ‘El libro negro del euskera’ argitaratu zuen, euskarak mendeetan zehar jasandako erasoei buruzkoa. Urte hartan bertan, berak idatzitako biografia editatu zen:‘Martin Ugalde. Andoaindik Hondarribira Caracasetik barrena’. ‘La censura de Franco y los escritores vascos del 98’ idatzi ondoren, Irun Hiria Saria eskuratu zuen saiakera modalitatean, ‘La censura de Franco y el tema vasco’ (1999) obrarekin.

2007an euskaltzain oso izendatu zuten eta 2011n Jose Antonio Arana Martija (2010eko Manuel Lekuona Saria) ordezkatu zuen aipatutako erakundeko Azkue Liburutegiko arduradun lanetan. 2010ean Bizkaiko Aldundiak Lauaxeta Saria eman zion, euskararen azterketaren eta sustapenaren arloetan egindako lanagatik.