NAIZ
DONOSTIA

Donostiak «Kortxoenea gehiago» behar dituela aldarrikatu dute hainbat eragilek

Kortxoeneari babesa adierazteko agiria sinatu dute Donostiako hainbat eragile sozial, politiko eta sindikalek. Urte hauetan gaztetxea hiriko herri mugimenduarentzat «balio handiko lanabesa» izan dela nabarmendu dute.

Kortxoenearen aldeko agiriaren aurkezpenean izan dira hainbat eragile. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Kortxoenearen aldeko agiriaren aurkezpenean izan dira hainbat eragile. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

ELA, LAB, CNT, Bilgune Feminista, Komite Internazionalistak, AHTren aurkako taldea, Kaleratzeak Stop, 2016 Desokupatu, Libre-Eleak, EHS aldizkaria, Palestina BDS, Ernai, EH Bildu, Sortu, Irabazi, Podemos, Ezker Anitza, Equo, PCE-EPK, Ahora en Comun eta Antikapitalistak erakundeetako ordezkariek eta hainbat herritarrek ‘Kortxoenea, eraldaketarako lanabes’ agiria sinatu dute, Indianoene kaleko gaztetxearen defentsan.

Bertan nabarmendu dutenez, Kortxoenea «askotariko pertsonen topaleku eta ezberdinen arteko bilgune» izan da eta bertan «hamaika talde eta egitasmok topatu du aterpea urteotan».

«Hamaika dinamika soziopolitikoren hauspo eta sorleku izan da, hiriko herri mugimenduarentzat balio handiko lanabesa», azaldu dute.

Kortxoenearen «filosofia propioa» eta horrek sustatzen dituen baloreak goraipatu dituzte: «komunitatea, elkartasuna, horizontaltasuna, feminismoa». «Talde lanaren marka du Kortxoenean egiten den orok» eta, horretaz gain, «kapitalismoaren logiketatik urrun, asmo eraldatzaileak mugitzen ditu bertako gogoak». Horrenbestez, Kortxoenea ez dagoela salgai azpimarratu dute.

Gaztetxea eraisteko asmoarekin oso kritiko ageri dira eragile hauek. «Haien eraduan ez duelako tokiriik, ez duelako zentzurik nahi dute Kortxoenea erauzi. Gauzen balioa eurotan soilik neurtzen dakitenei, hiria bizigune baino negozio dutenei, soberan zaie Kortxoenea», salatu dute.

Sinatzaileen iritziz, Indianoene kaleko eraikinean «jendarte eredua da jokoan dagoena, herria ulertu, antolatu eta eraikitzeko modu ezberdinen arteko hautua. Kortxoenea ala luxuzko etxebizitzak, horra paradoxa».

Horrenbestez, babesa adierazi diote eta Donostiak «Kortxoenea gehiago» behar dituela aldarrikatu dute.