NAIZ
GASTEIZ

Urkullu eta Iturberi azalpenak eskatu dizkiete, ETBn ‘Barrura Begiratzeko leihoak’ emateagatik

PSEk, PPk eta UPyDk gogor kritikatu dute iragan igandean ETBn ‘Barrura begiratzeko leihoak’ emititu izana eta Iñigo Urkullu lehendakariaren eta Maite Iturberen azalpenak eskatu dituzte. Covitek EITBko zuzendari nagusiaren dimisioa ere eskatu du.

‘Barrura begiratzeko leihoak’ lanaren emisioak hautsak harrotu ditu. 

«Preso politiko» esamoldea «onartezina» dela argudiatu du PSEk eta zenbait galdera erregistratu ditu Gasteizko Legebiltzarrean, Iñigo Urkullu lehendakariak esan dezan ETBren programazioak «terrorismoaren deslegitimazioa» bermatzen duela bermatzeko mekanismorik ote dagoen.

Horrez gain, Bake eta Bizikidetza Idazkaritzak dokumentalaren produkzioan edo promozioan zerikusirik izan duen argitzeko ere eskatu dute. Josu Erkoreka bozeramalek gogoratu du dokumentala ez zela egungo gobernuaren agintepean egin eta ez duela inolako laguntzarik eman. Gaineratu du Exekutiboak ez duela baldintzatzen talde publikoaren programazioa.

PSEk Cristina Uriarte Hezkuntza eta Kultura Sailburuari ere galdetu dio dokumentalaz duen iritzia.

EAEko PPren eledun Laura Garridok ETAren historia «zuritzea» egotzi dio ETBri eta azalpenak eskatu dizkio Urkulluri.

UPyDko Gorka Maneirok ETBren «manipulazio berriaren» aurrean kezka agertu du, eta Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiari eskatu dizkio azalpenak.

Alderdi politikoen artean izandako erantzunaz gain, Covitek ere salatu egin du dokumentalaren emisioa, eta Iturberen dimisioa eskatu.

2012an estreinatu zen dokumentala eta orduan ere izan zen polemika. Zinemaldiak, Euskal Herriari buruzko beste lan batzuekin egin bezala, baztertu egin zuen ‘Barrura begiratzeko leihoak’ aukeratzea. Egileek Zinemaldiaren «heldutasun falta» gaitzetsi zuten.

Diru laguntzak jasotzeko oztopoei –Donostiako Udaletik jasotakoari uko egin behar izan zioten– eta Carlos Urquijo delegatuaren jardunari ere aurre egin behar izan zien.