Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Rockaren zamatik askatu da Sorkun ‘Ziklomorphosia’ lan berrian

Ilunetik, tristuratik jaioak dira Sorkunek ‘Ziklomorphosia’ lan berrira eraman dituen 11 abestien hitzak, abeslari oreretarraren barrunbeetatik irten eta Eider Rodriguez idazleak berridatzi dituenak. Tristura hori orekatzeko, azken urteetan bizkarrean eraman duen «rockaren pisua» albo batera utzi eta erritmo dantzagarriei heldu die Sorkunek.

Sorkun, disko berriarekin. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Sorkun, disko berriarekin. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Urteetan zehar bidaide izan dituen hainbat lagunen babesean aurkeztu du Sorkunek ‘Ziklomorphosia’, bakarkako bere laugarren lana. Kashbad-ekin 2014an egindako biraren ostean gorputzak patxada eskatu dio abeslari oreretarrari eta, hala, «rockaren pisua» alboratu eta erritmo dantzagarriei helduta, funky, jazz eta soul zaporeko disko anitza aurkeztu du.

Aurreko bakarkako diskoetan ez bezala, kasu honetan abestiak berak ez idaztea erabaki du Sorkunek. «Krisialdia izan nuen nire euskararekin eta ez nintzen esan nahi nuen hori hitzetan jartzeko gauza sentitzen», azaldu du eta, hala, 20 urtetatik lagun duen eta «ondo baino hobeto ezagutzen nauen» Eider Rodriguez idazleari eskatu dio barruan zituen sentipen horiei forma emateko. «Hitz guztiak gure afal eta bazkal osteko hizketaldi luzeetatik atera dira, eta horietan tristura da nagusi; agian horregatik jo dut beste musika estilio batzuetara. Horregatik, eta Kashbadekin egindako azken biraren ostean gorputzak rocketik urruntzeko eskatzen zidalako», ziurtatu du.

Abesti gehienak Rodriguezek idatzi baditu ere, ‘Gizon laztan’ abestia Harkaitz Cano idazlearena da. «Sekulako lana egin du; ziurrenik, horixe da diskoko nire abestirik gustukoena», ziurtatu du Sorkunek. Abesti horretan, Javi P3z-ek rap kolaborazio bat ere egiten du. Disko honetan sartu ditu baita ere Hibaikako arraunlariei eskainitako ‘Urazpian’ abestia eta baita hainbatetan jo duen Howling Wolfen ‘Spoonful’-en bertsioa ere.

Diskoa Beasaingo Pottoko estudioetan grabatu zuten abuztuan eta taldekideen artean dira Sorkunek oholtzan ere lagun izango dituen Aritz Luzuriaga, Juanma Urriza, Mikel Romero eta Fredi Pelaez.

Diskoaren aurkezpen kontzertua azaroaren 26an eskainiko dute, Liberekin batera Bilboko Kafe Antzokian. Bi egun beranduago Iruñeko Zentralen izango dira Zea Maysekin batera eta abendurako ere badituzte bi hitzordu: 11ean Gasteizko Jimmy Jazzen Zurarekin batera, eta 19an Donostiako Intxaurrondo kultur etxean, Ras Miguel & Tafari lagun dituztela.