NAIZ
DONOSTIA

Kike Amonarrizek jasoko du Anton Abbadia saria

Gipuzkoako Foru Aldundiak Kike Amonarriz soziologo eta aurkezle tolosarrari emango dio Anton Abbadia saria, euskararen normalkuntzaren alde egin duen lanagatik.

Kike Amonarriz iaz, Tolosan. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Kike Amonarriz iaz, Tolosan. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Kike Amonarrizek (1961, Tolosa) jasoko du aurten Anton Abbadia saria, «euskara mezu baikorrekin, umorearekin eta imajinazioarekin lotuz ekarpen izugarria egin diolako hikuntzaren bizitasun eta aberastasunari».

Mikel Irizar Gipuzkoako Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak jakinarazi du berria eta soziologo eta aurkezle tolosarrak telebistara eraman dituen euskarazko saio «arrakastatsu, gozagarri eta interesgarriak» goraipatu ditu.

Epaimahaiak Amonarriz hautatzeko beste arrazoietako bat izan da soziolinguista gisa egin dituen lanen eta artikuluen «sendotasuna».

Anton Abbadia saria bi urtean behin ematen du Aldundiak, euskararen normalkuntzaren aldeko lanean nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna saritzeko.

Kike Amonarrizek Iago Rey eskultorearen artelana jasoko du, datorren asteartean, 19.00etan Aldundian bertan.