NAIZ
EIBAR

Emakume batek sexu erasoa jasan duela Eibarren salatu du EH Bilduk

EH Bilduk salatu duenez, emakume batek «sexu eraso larria» jasan zuen larunbatean, etxera itzultzen ari zela.

Iragan larunbatean, etxera itzultzen ari zela, «sexu eraso larria» jasan zuen emakume batek Eibarren, EH Bilduk ohar batean salatu duenez.

Eraso horrek erakusten du, koalizio abertzalearen arabera, emakumeek pairatzen duten indarkeria matxista «ez dela isolatua» eta eraso horiek ez direla «salbuespen bezala hartu behar».

«Emakumeen aurkako abusuak eta jazarpenak giza eskubideen urratze larri bat dira, baita gizonen eta emakumeen arteko desberdintasun sozialen adierazpiderik bortitzena ere. Beraz, egiturazko arazo bat da, pertsonek beren generoaren arabera dituzten botere egoerei zuzenki lotutakoa», ohartarazi du.

EH Bilduk bat egin du eraso hau salatzeko gaur 13.00etarako Untzaga plazan deitu duten elkarretaratzearekin.