@arianekamio
donostia

Eztabaida, elkarrizketa, Joseba Sarrionandiarekin

‘Lapur banden etika ala politika’ da Joseba Sarrionandiaren azken saiakera. Mondragon Unibertsitatean eskainitako hitzaldiak oinarri hartuta sortu du politikaren bueltan eraikitako saialdia. Ekarpena, ordea, ez da bakarrik berea; parte-hartzaileen iruzkin eta aportazioekin borobildu du lana.

ulen Arexolaleiba, Nekane Goikoetxea eta Iban Arantzabal, Sarrionandiaren liburuaren aurkezpenean. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
ulen Arexolaleiba, Nekane Goikoetxea eta Iban Arantzabal, Sarrionandiaren liburuaren aurkezpenean. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Desherritik, elkarrizketa bat proposatu du Joseba Sarrionandiak. Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatean antolatzen den Euskal Kulturaren Transmisioa aditu tituluaren baitan egin zituen hitzaldi bi oinarri hartu ditu proposamenerako. Berak, 35 urteko erbestetik, ekarpen pertsonala egin du, «askatasun ariketa bat» Nekane Goikoetxea irakaslearen aburuz, nazio politikagintzari lotutako gogoetak mahai gainean jarriz. Bere hausnarketekin ematen da lehenengo solasa, eta bigarrena ikasle gisa aritu zirenen ekarpenek egin dute, iruzkin eta iritzi modura.

Feedback hori, baina, ez du paper hutsean geratzerik nahi, eta eztabaida, elkarrizketa bera, plazara eramatea du helburu ‘Lapur banden etika ala politika’ (Pamiela) saiakerak.

«Unibertsitate barruan hasten dena orain plazara aterako da. izan ere, liburu honek badu konfesiotik eta badu baita ere erantzunetik. Memoria ariketa osatzera dator eta egiteko modu bat proposatzen du, pertsonala, ausarta, gordina, gogorra eta apala. Pentsatzera behartzen gaitu. Adostasunak eta desadostasunak sortuko ditu eta hori da liburuaren bertuteetako bat», adierazi du Goikoetxeak.

Lehenengo 108 orrialdeetan egiten du bere gogoeta idazle iurretarrak, eta hurrengo orrialdeetan jasotzen du ikasleen ekarpena. Fakultatetik, liburua osoki irakurtzearen beharraz mintzatu dira. Aurreratu dutenez, badu kritikatik, eta baita autokritikatik ere eta ariketa berbera errepikatzea eskatzen zaio irakurleari.