NAIZ

Euskal Hedabideen Behatokia sustatzeko hitzarmena sinatu dute Hekimenek eta unibertsitateek

Euskal hedabideak sustatu asmoz, EHUk, Mondragon Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak htzarmen bat sinatu dute Hekimen Euskal Hedabideen Elkartearekin. «Sektore indartsuago eta eraginkorragoa egitea dute helburu».  

Hekimenek, Euskal Hedabideen Elkartea, eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), Mondragon Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak Euskal Hedabideen Behatokia sustatzeko hitzarmena sinatu dute Bilbon. Ikerketa, berrikuntza eta prospektiba garatzea, euskal hedabideen datu basea sortzea, irakasleen eta profesionalen komunitatea sortzea eta euskal hedabideei buruzko topagunea garatzea dira, besteak beste, helburuak.

Honen bidez «euskal hedabideen sektorea indartsuagoa eta eraginkorragoa egitea» dute jomuga. Hain zuzen ere, unibertsitateen eta Hekimen elkartearen arteko lankidetzak, aurrerantzean, euskal hedabideen arloko ikerketa eta berrikuntzarako gune bat zehazteko helburua izango du.

Halaber, unibertsitatearekin elkarlanean, euskal hedabideen balioa sustatzea ere bilatuko da, berrikuntzarako eta ezagutzaren transferentziarako estrategiak elkarren artean banatuz eta gizartearekiko loturak sendotuz.

Lankidetza hitzarmena aurkezteko prentsaurrekoan, eragileek azpimarratu dutenez, sektorearentzat ez ezik, Euskal Hedabideen Behatokiak unibertsitateko ikerlarientzat daukan garrantzia azpimarrratu dute, «lankidetza gune berria irekitzen duelako euskal hedabideen eta komunikazioko adituen artean, eta ateak zabalik dituelako bai administrazioentzat nola sektore publikoarentzat».