NAIZ
DONOSTIA

Donostiako EAJ, PSE eta PPk atzera bota dute erraustegiaren aurkako mozioa

Donostiako Udalean EH Bilduk eta Irabazik erraustegiaren kontra aurkeztutako mozioa eztabaidatu dute baina udalbatzak atzera bota du EAJ, PSE eta PPren bozekin. Erraustegiaren aurka bertaratutako hiritarrak kanporatu egin ditu Eneko Goia alkateak oihuka hasi direlako.

Donostiako Udalak atzera bota du erraustegiaren inguruan EH Bilduk eta Irabazik aurkeztutako mozioa. EAJ, PSE eta PPk kontra bozkatu dute. «Inor ez dezatela engainatu. Erraustegia hiritarrek ordainduko dute», adierazi du EH Bilduk. Zentzu berean, Irabazik «eskizofrenikotzat» jo du erraustegia eraikitzea.

EAJk, aldiz, «Europako herrialde aurreratuenetan» 450 planta daudela adierazi du, eta Zabalgarbik «energia sortzen duela» gaineratu. Berarekin lerratu dira PSE eta PP. Azken hauentzako, Zestoako hondakin geldoen biltegiaren proiektua «atentatu ekologikoa» zen.

Erraustegiaren aurka bertaratutako hiritarrak kanporatu egin ditu Eneko Goia alkateak oihuka hasi direlako. «Araudiak isiltasuna mantentzera derrigortzen duela» argudiatu du.