NAIZ

Herri Urrats, Baionan ikastegi berria eraikitzeko

«Jalgi» lelopean, Herri Urratsen 33. edizioak Baionan ikastegi berria eraikitzeko dirua bildu du, lanbide heziketa euskaraz eskaini ahal izateko.

Dubioza Kolektiv taldea Nafarroa gunean jendez gainezka. (@kazeta.eus)
Dubioza Kolektiv taldea Nafarroa gunean jendez gainezka. (@kazeta.eus)

Goizean goiz hasi eta arratsaldera arte jai giroa nagusitu da Senpereko aintzira inguruan adin guztietarako ekitaldiekin.

Esne Beltza taldea arduratu da aurten Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko festari musika jartzeaz eta 17.30etatik aurrera zuzenean aritu dira.

Ibilbidea zazpi gunetan banatu dute; herrialde bakoitzeko gune bat. Hala, Araban, adibidez, Oreka TX, 2zio, Goulamas'K eta Izerdi Gorria igo dira taula gainera, 14.00ak eta 18.30 bitartean.

Gipuzkoan, berriz, haurrentzako txokoa atonduko dute, eta Lapurdin, besteak beste, bertsolariak eta Ekizaren zuzenekoa egon dira.

Bizkaian tirolina eta abentura ibilbidea jarri dituzte, eta Nafarroan, Esne Beltza ez ezik, Xutik, Begiz Begi, Dubioza Kolektiv eta Ozke ere aterako dira oholtzara. Jendetza batu da gune honetan zuzenekoak ikusten.

Ordezkari politikoak

Irekiera ekitaldian erakunde ezberdinetako ordezkariak izan dira, horien artean, Nafarroako Gobernuko ordezkariak. Ipar Euskal Herriko eragile sozial eta politikoak ere Herri Urratsera hurbildu dira. Hain zuzen, Jean Jacques Lasserre departemenduko kontseiluko presidenteak, Frédérique Espagnac diputatu sozialistak, Sylviane Alaux senatariak, Pierre Barrièrre Akademia ikuskariak eta Carolinne Phillips Garapen kontseiluko lehendakariak ekitaldi ofizialean topo egin dute, besteak beste.

Hitza hartzerakoan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Zerbitzuko zuzendaria den Jose Manuel Bujandak Seaskak burututako lana goraipatu du.Ildo berean, Jean-Jacques Lasserre departemenduko kontseiluko presidenteak ere Seaskaren kalitatezko lanarekin pozik dagoela aitortu du.

Paxkal Indo Seaskako lehendakariak elkarteak bizi duen garapenaz hitz egitean, lizeo berriaz gain laugarren kolegioa bidean dagoela nabarmendu du. Gainera, hemendik urte batzuetara Biarritzen ere lizeo bat sortzeko pentsamendua dutela iragarri du. Bide horretatik segitzeko elkarlanaren beharra azpimarratu du.