Jon ORMAZABAL
Elkarrizketa
IKER IRRIBARRIA
ASPEKO Pilotaria

«Aimarri irabazita ez naiz hobea, ezta finala galduta txarragoa ere»

19 urte eskasekin, historian Buruz Buruko txapela janzten duen pilotaririk gazteena izan daiteke aurrelari aramarra igandean Mikel Urrutikoetxeari irabazten badio. Bilbon gertatzen dena gertatzen dela, pilotaren mundua hankaz gora jarri du goierritarrak txapelketa honetan lortutako garaipenekin eta, batez ere, horrenbeste zeresan eman duten pilotakada bikainekin.

Iker, hauek gastatuko zaituzte!», esan dio, graziaz, herriko plazan arrandegiko furgonetaren zain dagoen andre batek, kazetariak bata bestearen atzetik pasatzen ikusita. Izan ere, Arama mapan kokatzeaz gain, hankaz gora jarri ditu Goierriko txoko polit honen bazterrak bertako seme den Iker Irribarriak Buruz Burukoan egindako balentriak.

19 urterekin nola daramazu zurrunbilo hau guztia?

Ondo, nahiago dut zurrunbilo hau eraman beste edozer baino. Azkenean gauza polita da, ez dena agian urtero etorriko eta aprobetxatu egin beharko da.

Eta horrenbeste laudorioren aurrean, zer? Asimilatu? Hormaren bat jarri?

Nik uste dut onena barreraren bat jartzea dela, askotan gauza batzuk ezin dira entzun gabe pasatu, baina saiatzen gara ahalik eta prentsarik gutxien irakurtzen, ahalik eta presiorik gutxien sartzen geure buruari eta pixka bat mundu horretatik aparte bizitzen.

Enpresatik izaten duzue aholkurik? Eta etxetik?

Enpresatik profesionaltasunezko aholkuak, baina etxean beti izateko erak eta pertsona izateko aholkuak eman izan dizkidate; eta biak dira garrantzizkoak momentu honetan.

Gauza handiak entzun dira: Irujoz geroztik inork ez duela halako eraginik izan pilotan...

Lana ere egin dugu, baina nik uste dut suertea ere egon dela, asko lagundu dit. Nik ahalik eta gutxien begiratzen diot horri, nire ibilbideari begiratzen ere nahikoa lan badut.

Horrelako pilotakada bat jota gustura geratuko da bat, ezta?

Hori argi dago, baina halakoa eman eta tantorik egiten ez baduzu beste bat eman behar. Hobe izaten da kale egin eta tanto, horrela eman eta 10 minutu horrela joz aritu behar baino. Hori bai, hala emanda gozatzen da.

Palarekin jotzen diozula ematen duela esaten duenik ere bada...

Palaz ez du eskuan minik ematen eta guk gaizki joz gero ikaragarria.. [barrez]. Baina abiaduran irteten zait. Momentuan gauzak ondo doaz, baina beti ez da horrela irtengo eta badakigu beste batzuetan indar gehiagorekin jotzera joan eta gutxiago irtengo dela eta horretarako prest egon beharko dugu.

Eta lainotik erortzeko prest egoten da bat?

Beharko, prest ez bazaude, gauza txarra. Badakigu kolpe gogorrak izaten direla eta gertatuko dela, ez da normala urtero-urtero horrela izatea, hau joko bat da: egun batzuetan oso gauza polita da, beste batzuetan gauzak ez dira irteten nahi bezala nahiz eta urte osoa entrenatu.

Pilotaren beste aldea ere ezagutu zenuen, 17 urterekin ezker eskuan ebakuntza egin zizun Ander Letamendiak, oso gazterik.

Hori da, hortik pasatuta beste denak ez zaizkizu hain gogorrak iruditzen, aitari ere esan nion ez nuela pilota berriro ukituko, niretzat dagoen gauzarik gogorrena frontoira ezin joatea izaten da eta eskua ezin soltatzea. Gauzak hobeto edo okerrago irtetea denoi gertatzen zaigu inoiz, baina eskuko operazio batek nola baztertzen zaituen gehien gustatzen zaizun gauza horretatik, hori oso gogorra da eta uste dut ikasgai ona izan zela. Ikasiz, aurrera begira gogorragoak gara, eta beste gauzei ere buelta emango diogu.

Denbora asko geldirik.

Erritmo ikaragarrian joan da dena, debuta, final hau... Bizi normalerako ez zen ezer larria, baina bai pilotari batentzat. Oraintxe hortxe jarraitzen dugu, egun batzuetan min ematen du, zikatriza hor dago, eskuaren erdian, eta hori landu egin behar da eta ez da ahaztu behar horretaz. Egunak baino momentu batzuetan nabaritzen duzu hor dagoela eta segitu egin behar da tratatzen. Kezkatzeko minik ez dit eman, eta aurrera.

Lasaia dirudizu, baina Aimarri irabazteak konfiantza eman zizun?

Konfiantza ematen du, baina nik uste dut hankak lurrean eduki behar direla eta berdin jarraitu behar dela, Aimarri irabazteagatik ez naiz hobea eta orain finala galtzeagatik ez naiz txarragoa izango. Pentsatzen dudana da pixkanaka aurrera goazela, lana egiten ari garela, zortea ere izaten ari gara inongo minik eta lesiorik ez daukagula eta alde horretatik pozik.

Urrutikoetxeak oparirik ez dizu egingo, hori seguru...

Argi dago, ikaragarri jotzen dio bi eskuekin, sotamano dena enpalmatzen du, aurrean ere bukatzen inolako arazorik ez dauka, eta erregalatu bat ere ez. Nik uste, dagoen pilotaririk seguruenetakoa dela, eta gehien gozatzen duena eta horregatik irabazi ditu hiru txapelak.

Esperientzian atera diezazuke alderik handiena?

Berak esperientzia gehiago dauka, jokoz ere gehixeago da, eta normalena galtzea izango litzateke; baina final bat da, azkenean finalean esperientziak balio du baina beste partidetan baino gutxiago, berak ere tentsioa hor izango du eta saiatuko gara berak baino hobeto eramaten.

Faborito papera ere jarri dizute...

Inondik inora ez dut uste ni naizenik faboritoa, lehenengo txapelketa da eta faboritotik ez daukat ezer, batez ere Urruti bezalako txapeldun handi baten aurka, gainera aurten dena irabazi duena. Batzuek papera erraz botatzen dute, baina nik ez dut halakorik espero.

Gainera, tantorik ez du ematen.

Argi dago, kendu egiten ditu, zuk ez duzulako zure jokoa erakusten. Nik uste ez dela inorentzat ona, berak ere nahi duena da ni faborito irtetea eta nik alderantziz. Hala ere, nik uste pertsona normalek pentsatzen dutena dela bera dela faborito.

Hutsunerik ba al du?

Topatzea zaila da, baina baditu, bestela bizi osoko onena litzateke. Partidak ere galdu ditu eta lehengo urtean Oinatzek irabazi zion eta ez da garaiezina; final bat da eta nerbioak beretzat ere izango dira.

Bilboko pilotalekuan sabaia jotzeko beldurrik ez duzu izango.

Gozatzeko inolako arazorik ez, altura emateko arazorik ere ez, baina Urrutiren frontoia dela esan daiteke. Ia urte osoko partidarik garrantzitsuenak hantxe jokatzen ditu eta erakusten ari den mailarekin frontoi horretan oso zaila izango da irabaztea. Asko entrenatzen du bertan, ondo ezagutzen duen frontoia da eta nabari da ez dela beste edozein frontoi bezalakoa, hasieran kosta egiten da jartzea.

Nolatan Jon Apezetxea botilero?

Egia esan, osabarekin hasi nintzen eta oso gustura. Baina esan zuen beretzat ere gauza zaila dela, sufritu egiten zuela aulkian eta nahiago zuela harmailatik ikusi. Nik partidaro ematen diot aukera, jarri nahi badu hortxe dauka, baina berak ezetz esaten dit; enpresari esan nion eta Jon Apezetxea hartzea erabaki zuen eta nire aldetik arazorik ez, alderantziz, asko laguntzen dit eta oso gustura nago.

Ez dago haserre? Berak dio zure aurka jokatu zuela azken partida eta hantxe ikusi zuela ez zeukala lekurik.

Ez, tarteka bromaren bat egiten dit horrekin, baina nik uste bera ere gozatzen ari dela. Hori esaten du eta ez dakit hala izango den, nik dakidana da bera oso gustura dagoela eta laguntzen didan guztiarekin nirekin nahi dudala.

Beretzat ere lehen aldia da.

Bera ere ilusiorekin eta gogoarekin dago nik irabazteko, bera ere lan handia egiten ari da bai astean zehar, asko hitz egiten dugu eta Oinatzen garaipenaren zati handi bat berea da, asko lasaitu ninduelako.

Saskibaloian ere etorkizun oparoa omen zenuen...

Garai politak izan ziren. Betidanik gustatu zitzaidan saskibaloia eta momentu politak bizitzeko aukera izan nuen. Nahiz eta momentuan aukeratu beharra gogorra izan, nik uste dut asmatu nuela pilotarekin eta hortxe gabiltza.

Ze postutan aritzen zinen?

Hegalekoa nintzen eta gustura, betidanik horixe gustatzen zitzaidan eta nire jokorako horixe zetorkidan ondoen.

Gaur egun zalea izaten jarraitzen duzu?

Bai ikaragarri gustatzen zait, orain Baskoniarekin hortxe ibili gara. Pena bat Berlinera joan ez izana, baina azkenean hemen ere nire lanak banituen eta uste dut ondo egin ditudala.

Gustuko jokalaririk edo izan duzu?

Bai, txiki-txikitatik Prigioni gustatu izan zait. Pena eman zidan lehenengo Madrilera eta gero NBAra joan zenean, baina Baskoniarekin jarraitzen dugu.

Futbola ere derrigor jarraitu behar orain, ezta?

Ez naiz inoiz futbolzalea izan eta ez naiz izango, ez zait sekula gustatuko saskibaloia adina, baina oraintxe lehengusua [Aritz Elustondo] hor dagoela, animoak ematen eta gozatzen ari gara berarekin.

Bientzat urte handia izan da, esperientziak trukatzen dituzue?

Nik uste kirolak oso desberdinak direla eta elkarri zer esan handirik ez daukagula baina esperientziak kontatzen dizkiogu elkarri eta horrekin oso gustura. Futbola beste dimentsio bateko kirola da, ez dauka zerikusirik pilotarekin eta berak askoz lan zailagoak dauzka hor.

Zu baino ezagunagoa da orduan?

Dudarik ez ezazu egin, bai hemen, bai Espainian eta bai Espainiatik kanpo. Beste dimentsio batean mugitzen da futbola, eta inondik inora ez dago konparatzerik.

 

Athleticekoa ez izatea pena?

Bueno, ez. Denak horri bueltaka ibiltzen zarete, Athleticekoa naizela, bat eta beste… Egia esatea nahi baduzue, ez dit futbolak inondik inora loa kentzen, eta esaten dudana da etxean denok realzaleak ditugula, lehengusua ere Realean, eta orduan, saltsa jarri egin behar izaten zaio, eta horregatik, Athletic animatzen dut baina ez beste ezergatik, familian txispa pixka bat jartzeagatik.

Eguna bestela nola betetzen duzu normalean?

Goizetan entrenatu, fisikoa edo frontoikoa, eta arratsaldetan klasera joan. Egunak ez dira errazak izaten, batez ere azterketa garaiak izaten direnean, baina denboragatik baino, indarragatik, gauetan ea nor jartzen den ikasten, baina zorteko gabiltza eta merezi du.

Aurten pilotariek oporrak izango dituzue lehen aldiz...

Nik aprobetxatzeko denbora handirik ez daukat, pilotako oporretatik bueltan, hortxe bukatzen ditut azterketak eta proiektua [Ordizian ingeniaritza ikasten ari da] eta opor horiek hemen ikasten pasatuko ditut. Etorriko dira garai hobeak.

Eta denbora librea duzunean zer egitea duzu gustuko?

Kirolzalea naiz, mendia beti gustatu izan zait eta denbora pixka bat hartzen dudanean gustatzen zait Aralar aldera edo Aizkorri aldera joatea pixka bat despejatzera, bestela lagunekin egon eta betikoa... edozein gaztek egiten duena.

Musikazalea ere ba omen zara?

Bai, betidanik gustatu izan zait, telebista baino gehiago, eta gehienbat Bob Marley entzuten dut, reggae musika asko gustatzen zait, lasaitzen nau..