NAIZ
BILBO

ELA, LAB, EHNE, STEILAS, ESK eta HIRU sindikatuek sostengua helarazi diete Fresneseko presoei

‘Isolamendurik ez! Sakabanaketarik ez! Euskal presoak etxera!’ lemapean ELA, LAB, EHNE, STEILAS, ESK eta HIRU sindikatuek babesa helarazi diete Fresnesen gose greban dauden euskal preso politikoei. Itziar Moreno eta Saul Kurtoren eskubideak errespeta daitezela eskatu dute.

Gehiengo sindikalak Fresnesen gose greban dauden presoei babesa helarazi die. (@ESKsindikatua)
Gehiengo sindikalak Fresnesen gose greban dauden presoei babesa helarazi die. (@ESKsindikatua)

ELA, LAB, EHNE, STEILAS, ESK eta HIRU sindikatuek elkarretaratzea burutu dute Bilbon, Estatu frantseseko kontsulatuaren aurrean, Itziar Moreno eta Saul Kurto presoen egoera salatu eta gose greban dauden euskal preso politikoei babesa helarazi asmoz.

‘Isolamendurik ez! Sakabanaketarik ez! Euskal presoak etxera!’ lemapean bildu da gehiengo sindikala. Gogora ekarri dutenez, Itziar Morenok, «Fresneseko kartzelako beste kide batzuk bezala presondegi honetako oinarrizko eskubideen urraketengatik protestatzera behartua ikusi zuen bere burua» eta honen ondorioz isolamendura zigortua izan zen.

Hau dela-eta, gehiengo sindikalak Morenori jarritako «arrazoi gabeko zigorrarekin amaitzea» eskatu du. Era berean, frantziar zein espainiar estatuei «pertsona ororen oinarrizko giza eskubideak urratzen dituzten salbuespen neurriekin eta isolamendu zein dispertsioarekin buka dezaten» exijitu dute.