Jon Ormazabal
BILBO

Azken orduan ekaitza ez da lehertu

Mikel Urrutikoetxeak haserre alde egin du bere pilotak aukeratu ostean, zeudenetako bi gehiegizkoak iruditu zaizkiolako baina Iker Irribarriak ere ez ditu horiek aukeratu eta ez dirudi aitzakiarik dagoenik.

Mikel Urrutikoetxearen aurpegiak ezagun zuen ez zegoela batere pozik (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Mikel Urrutikoetxearen aurpegiak ezagun zuen ez zegoela batere pozik (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Ekaitza lehertzear egon da Buruz Buruko finalaren atarian, Mikel Urrutikoetxeak, bere pilotak aukeratu ostean, oso haserre utzi baitu kantxa, saskian zeuden pilotetatik bi gehiegizkoak zirela irudituta. Hala ere, Iker Irribarriak ere ez ditu pilota horiek aukeratu eta gaitzerdi.

Dena dela, inoiz ez bezala kexatu da txapelduna prentsa aretoan. «Gehiegizko pilotak egon dira, ez dira pilotan jokatzeko modukoak, ikusleak ikuskizun on bat ikusteko ordaintzen du eta horrela ez da posible», azaldu du. Kepa Peñagarikano izan da kritika horien hartzailea. «Material hautatzailea pilotaz dakielako jarriko zuten baina bi pilota oso esageratuak ziren. Inork ez ditu aukeratu baina ez da jarraitu beharreko bidea». «Espero nuen horietako bat aukeratzea, partidaren bat horrela jokatu du eta horretarako jarrita zeuden, ez dakit zergatik ez dituen hartu. Ikuskizunarentzat ez dira egokiak».

Iker Irribarria, bere aldetik, oso lasai agertu da eta berari «lau pilotak onak» iruditu zaizkio. «Agian ahaztu egin zaigu ze pilotarekin jokatu den txapelketa honetan, esaterako, berak Altunaren aurka ze pilotekin jokatu duen».

Gainontzean, enpresa bakoitzak 200 sarrera inguru dauzka salgai eta antolatzaileek espero dute igandean frontoia beteta izango dela.