NAIZ
Otxandio

Ostegunean Otxandioko lau bizilagun epaituko dituzte Luzia Urigoitia gogoratzeagatik

Miren Soloeta, Amaiur Lopez de Lacalle, Aitor Uribe eta Asier Duran otxandiarrak ostegunetik aurrera epaituko dituzte espainair Entzutegi Nazionalean. 1987an Guardia Zibilak hildako Luzia Urigoitia gogoratzeko ekitaldi bat dela-eta, «terrorismoa goratzea» leporatzen diete. Fiskalak 7.200 euroko isuna, bi urte eta erdiko kartzela zigorra eta 9 urtetako inhabilitazioa eskatzen du bakoitzarentzat.

Luzia Urigoitiaren oroimenezko ekitaldi bat antolatzeagatik atxilotu zituzten lau otxandioarrak. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Luzia Urigoitiaren oroimenezko ekitaldi bat antolatzeagatik atxilotu zituzten lau otxandioarrak. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Ostegun honetan, ekainak bi, Miren Soloeta, Amaiur Lopez de Lacalle, Aitor Uribe eta Asier Duran otxandiarrak epaituak izango dira espainiar Entzutegi nazionalean. Luzia Urigoitia gogoratzeko ekitaldia antolatzea leporatuta, «terrorismoa goratzea» egozten diete.

Fiskalak 7.200 euroko isuna, bi urte eta erdiko kartzela zigorra eta 9 urtetako inhabilitazioa eskatzen du bakoitzarentzat. Iazko irailean izan ziren atxilotuak.

Otxandioko Librek ohar baten bidez gogorarazi duenez, Lucia Urigoitia 1987ko uztailaren 22an erail zuen Guardia Zibilak Trintxerpen. «Ahalegin ezberdinak egin diren arren, gertatutakoa ez da argitua izan, eta ondorioz, erailketa honen erantzuleak ez dira inoiz epaituak izan».

Urigoitiaren kasua memoriaren egunari begira Lakuak alkateei bideratutako txostenean azaltzen da, argitu gabeko kasu moduan eta biktima moduan oroitzeko gomendioarekin. Txosten horretan jasotzen denaren arabera, garai hartako Donostiako 2. instrukzio epaitegiko epaile titularrak ebatzi zuen «burua zeharkatu zion tiroa azala ukitzen zegoen metralleta baten bitartez egin zela». Era berean, «frogak faltsutzearren inputazioak egon zirela eta bala kaskillo bat ordezkatzeko epailearen etxean eskuhartze extrajudizial bat ere egon zela gogoratzen du», gogoratzen du testuak.