NAIZ

Itziar Moreno Fresneseko espetxetik Fleurykora eraman dute

Fresneseko kartzelan zegoen Itziar Moreno Fleurykora mugitu dute. Moreno isolamendu egoeran egon da maiatzaren 2tik eta Fresneseko espetxeko euskal preso politikoek gose greba abiatu zuten egoerari amaiera jartzeko aldarrikatuz. Larunbatean jakinarazi zioten espetxez aldatuko zutela, eta protestarekin amaitu zuten.

Itziar Moreno euskal preso politikoa Fleuryko espetxera eraman dute, Fresnesekotik atera eta gero. Moreno isolamendura zigortu zuten azken honetako zuzendariek eta hala egon da maiatzaren 2tik. Preso sozialek protestak hasi zituzten emakumeen moduluan bizi baldintza hobeak aldarrikatzeko eta euskal presoak batu zitzaizkien apirilaren amaieran; Moreno isolamenduan sartu zuten, protesta nagusien bultzatzaile izatea egotzita.

Honen aurrean, Fresneseko espetxeko gizonen moduluko presoek gose greba abiatu zuten, Morenoren egoera salatu eta isolamenduarekin amaitzeko aldarrikatuz. Gerora, Moreno bera eta Ekhiñe Eizagirre batu zitzaizkien.

Larunbatean jakinarazi zioten Morenori espetxez aldatuko zutela eta protesta bertan behera utzi zuten.