NAIZ

Egitarau anitza eta adin guztientzakoa Donostiako Aste Nagusi Piratan

‘Gora kai herrikoiak!’ leloa banderatzat hartuta, egitarau anitza eta adin guztietakoek gozatzeko modukoa prestatu dute Donostiako Piratek Aste Nagusirako. Kaia festa gune nagusia izango bada ere, ekintzak hiru guztira zabalduko dituzte eta kulturei «pluralean» garrantzia emango diete.

Kaian aurkeztu dute Donostiako Piratek Aste Nagusiko egitaraua. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Kaian aurkeztu dute Donostiako Piratek Aste Nagusiko egitaraua. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Aste Nagusirako egitaraua aurkeztu dute gaur Donostiako Piratek, festaren «bihotza» izango den portuan. Hortik aurtengo leloa, ‘Gora kai herrikoiak!’. Nolanahi ere, piratek beren mugimendua eta ekintzak hiri guztira zabalduko dituzte eta La Flamenka, Nautikoa, Trinitate plaza eta Guardetxeaz gain, Intxaurrondo eta Grosen ere ibiliko dira, besteak beste.

Agerraldian azaldu dutenez, Aste Nagusi «anitza» antolatu dute, adin guztietako donostiarrek zein kanpotarrek gozatzeko modukoa, egunez nahiz gauez jarduera mordo bat izango dituena. 

Aurten kulturei garrantzia emango diete, «pluralean». «Urte hasieran egindako Herri Kulturen aldeko brindisean azaldu genuen moduan, ez baitugu uste kultura bat eta bakarra denik, ez dugu kulturaren monopolizazioan sinesten», azaldu dute.

Abuztuaren 13an egingo dute txupinazoa La Flamenkan, 18.30ean; han bilduko dira kofradia guztiak. Hurrengo hitzordu nagusia bi egun beranduago izango da: Abordatzea, 17.00etan. Txikientzako, berriz, Abordatze Txikia antolatu dute abuztuaren 18an.

Kontzertuak egunero izango dira gauez La Flamenkan, eta Trinitate plazan eta Nautikoan ere musika izango da.

Piratek espazio publikoa herritarrena dela aldarrikatuko dute eta, Aste Nagusia baino astebete lehenago, hilaren 6an bertsopiropoteoa egingo dute, Onintza Enbeita eta Miren Amuriza bertsolariekin.

Jarrera sexistarik ez

Agerraldian argi utzi nahi izan dute ez dutela jarrera sexistarik onartuko. Sexu erasoen aurkako protokoloa landu dute, aurreko urteetan bezala, eta telefono zenbaki bat ere erabilgarri izango dute.

Egitarauan jaso dituzten ekintzez gain, datozen egunotarako sorpresa gehiago iragarri dituzte.