@gara_miantzi
Errenteria

Erabakitze eskubidea gauzatzeko bidean mugarria ezarriko du Oiartzualdeak azaroaren 6an

Demoarsok, Oiartzualdeko erabakitze eskubidearen aldeko mugimenduak, gaurtik martxoaren 19ra bitarte jarri nahi dituen lau mugarriak aurkeztu ditu, zubia izan arren jende dezente bildu duen ekitaldi batean, Errenteriako Merkatuzarren. Martxoaren 19an, Gure Esku Dagoren deialdiarekin bat, bertze ehun herrik bezala erabakitze eskubidea gauzatzeko urratsa eginen du Oiartzualdeak, eta bide horretan aliatuak bilatu nahian eskualdeari aniztasuna eta kolorea emanez bizi politiko, sozial eta kulturalean parte hartzen duten lagunak gonbidatu dituzte gaur.

Demoarsoren familia argazkia, Errenteriako Merkatuzarren. [Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS]
Demoarsoren familia argazkia, Errenteriako Merkatuzarren. [Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS]

Aurtengo udaberrian iragarri bezala, Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea duela aitortzetik hautestontziak atera eta eskubide hori gauzatzera pasatuko dira Oiartzualdeko herriak. Guztira ehun herri inguruk eginen dute urrats bera heldu den martxoaren 19an, Gure Esku Dagoren deiari erantzunez.

Gaur ekitaldi xume batean azaldu ditu Naroa Iturri aurkezleak bide horretan Demoarsok, «komunitate sentituz eta komunitate gisa jokatuz», ezarri nahi dituen lau mugarriak. Lehena, azaroaren 6koa, «sekulako erronka» izanen da, Pasaiako badia inguratuko baitute erabakitzearen alde. 8.500 metro izanen dira, 10.000 lagun, 85 zati arduradun eta gonbidatu ezagunekin. Baina benetan nahi dutena kate infinitua osatzea da, eskualdea bezalakoa, alaia eta anitza. Data sinboliko batean, gainera: 1933an Autonomia Estatutuari buruzko galdeketan Oiartzualdeko emakumeek bozkatzeko eskubidea gauzatu zuten lehen alditik 83 urte betetzen diren egunean.

Ondotik, azaro bukaeran, galderak definitzeko prozesu parte-hartzaileak abiatuko dituzte herriz herri, eta boluntarioak lortu eta aktibatuko dituzte, bozkalekuak zehaztu, galdeketak egiteko lantaldeak sortu... Hurrengo urratsa urtarrilean aurrekanpaina hastea izanen da, etxez etxe martxoaren 19rako deialdia zabaltzea eta atxikimenduak lortzea.

Azkenik, otsaila erabakira eramanen dituen kanpaina herritarraren hilabetea izanen da.

Beira taldeak abeslari eta sortzaile ezagunekin batera Demoarso dinamikarentzat sortu duen abestiaren aurrerapen bideoa erakutsiz bukatu da ekitaldiaren lehendabiziko zatia. Bigarrenean, mahai-ingurua egin dute, Xabier Oleaga gidari zela, Imanol Esnaola Demoarsoko kideak, Mario Zubiaga EHUko irakasleak eta Zelai Nikolas legelariak, erabakitze eskubidean sakondu eta Gure Esku Dago mugimendua jende gehiagorengana zabaltzeko asmoz.